Prentsa Aretoa
2022/03/16
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak IMV transferitzeko akordioa itxi dute
Transferentzien Batzorde Mistoak gizarte prestazio hori Euskal Autonomia Erkidegoari osorik eta denbora mugarik gabe eskualdatu zaiola sinatu du
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bilera egin dute asteazken honetan Transferentzien Batzorde Mistoan, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (IMV) Euskadiri eskualdatzeko akordioa ixteko. Horrela, gizarte prestazio horrek laster utziko dio Euskal Autonomia Erkidegoan kudeaketa gomendioa izateari. Akordioa lortu ondoren, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du prestazio horren transferentzia osoa, denbora mugarik gabe. Gai hau itxi ondoren, hogei bat transferentzia geratzen dira Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako egutegian ezarritakoa amaitzeko eta, horrela, Gernikako Estatutua betetzeko.
Gaur goizean Lurralde Politikako Ministerioan Madrilen egin den bileran, Josu Erkoreka Lehenengo Lehendakariordeak eta Transferentzien Batzorde Mistoko presidenteak, Idoia Mendia Bigarren Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu Sailburuak, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun Sailburuak hartu dute parte. Araubide Juridikoaren Sailburuorde Sabino Torrek eta Autogobernuko Zuzendari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Batzorde Mistoko idazkari Begoña Perez de Eulatek osatu dute euskal ordezkaritza.
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren buru Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroa izan da, eta harekin batera izan dira Lurralde Politikarako estatu-idazkari Alfredo Gonzalez, Lurralde Koordinaziorako idazkari nagusi Miryam Alvarez eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxaso. Honako hauek ere Estatuaren ordezkariak izan dira: Ines Olondriz de Moragas, Finantzaketa Autonomikoko idazkari nagusia; Veronica Olle, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako idazkariordea; Maria Milagros Paniagua, Gizarteratze Politiken idazkari nagusia; Iria Alvarez, Gizarteratze eta Gizarte Segurantzako idazkari nagusi teknikoa; Monica Garcia, Aurrekontu Egonkortasuneko zuzendari nagusia; Fernando Galindo, Autonomia Lankidetzarako zuzendari nagusia; Yovana de Lozar, Finantzaketa Autonomikoaren Kudeaketako zuzendariordea; eta Jorge Garcia Carreño, Estatuko Administrazioaren Batzorde Mistoko idazkaria.
Batzorde Mistoa da Gernikako Estatutuaren arabera dagozkion eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzeko arauak ezartzen dituen organoa. Halaber, eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gauzatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak eskualdatzea arautzen du, hala badagokio.
Transferentziaren ondorioz, Eusko Jaurlaritza arduratuko da Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera izapidetzeaz, aitortzeaz eta ordaintzeaz, eta Euskal Autonomia Erkidegoan prestazio horren kudeaketa orain arte gauzatzeko kudeaketa gomendioari amaiera emango dio. Gizarteratzeko Gutxieneko Diru-sarrera RGIrekin lotu beharko da, Euskadin gizarte-arretako eskumenetik eskaintzen baita. Herritarrei begira, egoera berriaren ondorioz, Euskadin laguntza publikoaren tramitazioa eta ordainketa esku berean egongo dira, Lanbiden.
Bestalde, eskualdatzearen kuantifikazio ekonomikoa egiten denetik, Euskadik bere Kupotik deskontatuko du Estatuko kostuaren %6,24, hau da, 187 milioi euro inguru guztira.
IMVaren transferentzia Gernikako Estatutuaren 5. xedapen iragankorra aplikatuz negoziatu da. Xedapen horren bidez, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmenak ezarriko dira.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09