Next Euskadi
We are Europeans - Europe Day

Prentsa Aretoa

2022/03/14

Etxean Bai foru zentroak mendekotasuna duten pertsonei etxean egoten laguntzeko zerbitzu berritzaileak aktibatuko ditu

Teknologia berrien bidez (besteak beste, aplikazio baten bidez), erabiltzaileen egoeraren urrutiko jarraipena egingo du, prestakuntza, aholkuak eta laguntza emateaz gainera

rss Ezagutzera eman
Etxean Bai foru zentroak mendekotasuna duten pertsonei etxean egoten laguntzeko zerbitzu berritzaileak aktibatuko ditu

ARGAZKIA JAITSI

Arabako Foru Aldundiak erreferentziako foru zentro bat jarriko du abian, lurraldean mendekotasun aitortua izanik beren etxean egon nahi duten pertsonentzat zerbitzu berritzaileak aktibatuko dituena, eta laguntza multzo bat eskainiko die etxean geratu ahal izan daitezen, “ahal den neurrian eta bizi-kalitatez, ongizatez eta erosotasunez”.

Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak eta Ana Belén Otero Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak mendekotasuna duten pertsonentzako Etxean Bai erreferentzia-zentroa izango denaren ezaugarriak aurkeztu dituzte gaur goizean. Baliabide berri horretako profesionalek monitorizatuko dituzte pertsona horiek, teknologia berrien bidez, batez ere, eta unean uneko laguntza presentzialaz. Prestakuntza, hitzaldiak, topaketak eta ikastaroak ere eskainiko dira, linean eta aurrez aurre, erabiltzaileentzat nahiz senideentzat eta zaintzaile profesionalentzat.

Aurreikusita dago Etxean Bai foru zentroa urteko azken hiruhilekoan hasiko dela funtzionatzen, Gasteizen erdigunean egokituko diren lokaletan, Manuel Iradier kaleko 27. zenbakian.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak dagoeneko hasia du zerbitzu horretaz baliatuko diren lehenengo pertsonak aukeratzeko prozesua. Programaren pilotatze-aldi bat izango da, bederatzi hilabete iraungo duena, eta beren etxean bizi diren mendeko 50 pertsonak hartuko dute parte hartan. Etorkizunari begira, aurreikusten da lurraldean banatutako bigarren mailako zentroak sortzea, euskarri fisikoa, arreta eta datu-bilketa eskainiko dizkietenak Arabaren enparauko erabiltzaileei.

Egoitzan beranduago sartzea

Zentroa Etxean Bai foru planaren osagai den ekimenetako bat da. Plana Arabako Foru Aldundiaren estrategia bat da, asmoa duena mendekotasuna duten pertsona gehienek urteak igaro ahala etxean bizitzen jarraitzeko duten nahiari erantzutea, behar diren laguntzak edukiz.

“Etxean bizi diren pertsona gehienek ez dituzte baztertzen beste aukera batzuk, egoitza-zerbitzu edo -zentro gisakoak, baina nahiago dute erabaki horiek azken unera arte atzeratu, izan nahi duten bizitzarekin jarraitzeko aukera ematen dieten laguntzekin”.

Erreferentzia-zentro horren hartzaileak etxean bizi diren mendeko pertsonak izango dira. Zehazkiago:

• 65 urte edo gehiago eta II. edo III. mailako desgaitasuna dutenak

• eta adin-nagusiak, %33 baino gehiagoko desgaitasuna edo gaixotasun mentala eta mendekotasun aitortua dutenak.

Horien artean, adinekoen kolektiboa da mota honetako laguntzak gehien eskatzen dituena.

“Arreta norberaren beharrizanera egokitzea izango da zerbitzu honen gakoetako bat”, azaldu du Emilio Solak. Teknologia oso elementu garrantzitsua izango da. Hortaz, erabiltzaileei eta, halaber, haien ahaide zaintzaileei eta laguntzaile profesionalei prestakuntza emango zaie gailuak erabiltzeko.

App-a, tabletak, sentsoreak, laguntzaile birtuala eta soluzio domotikoak

Pertsonaren jarraipena egiteko programa, ahal dela, telematikoki egingo da, pertsonaren bizilekuan aplikazio erabilerraz bat ezarriz, baina beste bide batzuetatik ere osatu ahal izango da, hala nola telefonoz edo aurrez aurre. Era horretan, erreferentziako foru zentroa eta pertsona edo haren zaintzaileak harremanetan egongo dira etengabe.

App-a instalatuta, desafio zerrenda bat eta zainketa plana gertatu ahal izango dira, zeinean familiek eta laguntzaile pertsonalek egin beharreko eguneroko lanak adieraziko baitira. Gainera, aukera emango du abisuak bidaltzeko, gerta daitezkeen gorabeherak ikusteko, medikazioaren eta hartualdien jarraibideak ezagutu eta kontrolatzeko, konstanteak monitorizatzeko, nutrizio-jarraipena egiteko, mantentze eta aktibazio fisikoko jarraibideak kontrolatzeko, eta ezagumen-estimulazioko programak egiteko, besteak beste. Halaber, emozio-segurtasunaren, konpainiaren edo erkidegoan integratzearen sentimendua areagotzen duten ekimenak garatzea.

Horretan guztian laguntzeko, sentsoreak instala daitezke bizilekuan, eta tabletak emango dira, jarraipena egiten lagunduko duten beste laguntza tekniko eta teknologikoen artean. Pertsonen ezaugarrien arabera, gailu jakin batzuk daude aurreikusita, hala nola mugimendu-sentsoreak, ate eta leihoen irekieraren detekzioa, Interneteko konexiorik egon ez arren mezuak entzuteko eta bidaltzeko aukera ematen duen laguntzaile birtuala, edo soluzio domotikoak.

Era berean, zenbait zerbitzu, programa eta prestazio profesional eskainiko dizkie erabiltzaileei, hala nola laguntza-produktuen erabilera, fisioterapia zerbitzua, terapia okupazionala eta ezagumenestimulazioko programak.

Kontrataziorako prestakuntza eta aholkularitza

Etxean Bai zentroak prestakuntzarako beste laguntza-multzo bat eskainiko du: prestakuntza-pilula eta - bideoak eta hitzaldiak, topaketak edo lineako ikastaroak, erabiltzaileentzat, senideentzat eta laguntzaile profesionalentzat. Hirugarren laguntza-multzo bat egongo da, LPPE (Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa) jaso nahi duten pertsona eta familiei aholku eta orientazioa emateko, zaintzaile profesionalen kontratuei, egin beharreko lanei, Gizarte Segurantzari eta abarri dagokienez.

Erreferentzia-zentroak laguntzaile pertsonal prestatuen zerrenda bat izango du, behar duten familiei helarazteko. Ana Belén Otero zuzendariak, halaber, Etxean Bai foru planaren beste ekimen batzuk aipatu ditu, dagoeneko garatu direnak, hala nola LPPEren zenbatekoak handitzea, 1.000 eurora arteko zerga kenkaria sartzea laguntzaile pertsonala kontratatzen duten mendeko pertsonen 2022ko errenta-aitorpenean, eta familiei eta laguntzaile pertsonalei prestakuntza ematea.

“Etxean Bai – laburbildu du Emilio Solak – Arabako Foru Aldundiak bizilekuan ematen dituen laguntzak ordenatu eta handitzera dator, berrikuntza abiapuntu. Plan bizia da, garatzen ari garen ekintzen emaitzen arabera haziko eta egokituko dena, gure helburua mendekotasuna duten pertsonek planteatzen dizkiguten eskariei erantzutea baita” esan du bukatzeko.

iturria: DFA AFA

Next Euskadi
Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU