Prentsa Aretoa
2022/06/17
EBBk 'ZukEsan' aurkeztu du, EAJ-PNVrekin harremanetan jartzeko molde berri bat
App berri bat plazaratu du EAJ-PNVk alderdikidetza tradizionalaz aparte EAJ-PNVrekin konfiantzazko harremana izan nahi duten pertsonei zuzendua. Burukideekin solaskidetza zuzena eta kalitatezkoa izateko aukera izango dute pertsona hauek, bai eta Euskadiko alderdi politiko nagusiaren jarduketa politikoan eragitekoa ere
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Egun berezia da gaurkoa, euskal gizarteari aurkeztuko diogulako EAJ-PNVrekin harremanetan jartzeko molde berria. `ZukEsan´ deitu dugu , Android eta Apple sistema eragileetarako eskuragarri dago eta Euzkadi Buru Batzarraren burukideekin harreman zuzen eta kalitatezkoa izatean oinarritzen da, alderdikidetza tradizionalaz bestelakoa. Euzkadi Buru Batzarraen burukideok gaur publikoki adierazten dugu harreman molde berri honi eusteko borondatea, harremana elikatzeko eta aberasteko konpromisoa”. Hitz hauekin laburbildu du EBBren presidente Andoni Ortuzarrek `ZukEsan´ izenez sortu duten aplikazio berritzailea. Olabeagan egin dute gaur goizean gure inguruko panorama politikoan erabat berritzailea izango den App-a hiritargoari aurkezteko ekitaldia. “`ZukEsan´ mugarri berri bat da gure Alderdiaren 127 urteko ibilbidean, gure historian lehen aldiz hiritargoari aurkeztuko diogulako militantzia tradizionalarekin zerikusirik izango ez duen harreman molde berria”, gaineratu du EBBren idazkari Mireia Zaratek. Ortuzarrek eta Zaratek gidatu dute aurkezpena bertan Euzkadi Buru Batzarraren ia burukide guztiak izan zirela. Gaurko ekitaldiarekin talde jeltzaleak erakutsi nahi izan du aplikazio honek eta bere bidez eskaintzen den harreman molde berriak talde jeltzalearen agintarientzat duen garrantzia.
2020an onetsi zen azken aldarazpenetik EAJ-PNVren Aberri Estatutuek jasotzen dute “e-Erakundea” izenez deitu den erakunde birtuala, eta bertan “…edonork aurkeztu ahal izango du e-Erakundean sartzeko eskabidea…baldin eta oraindik EAJ-PNVko alderdikide izan nahi ez badu, baina Alderdiarekin lotura bat izan nahi badu komunikatzeko eta informatzeko”. ZukEsan da EAJ-PNVrekin harreman zuzena, konfiantzazkoa eta kalitatezkoa izan nahi duten pertsona horientzat sortu den guneari forma ematen dion aplikazioa, EBBren burukide guztiekin harremanetan jartzeko, beraiei zuzenean galdetzeko, iritzia emateko, kontsultatzeko, iradokizunak egiteko eta Alderdiaren jarduketa politikoan eragiteko. “Pertsona hauek izango ditugu `bidelagun´ eta beraiekin partekatzen dugun helburua lortzen laguntzeko eskatuko diegu: gero eta Euskadi oparoagoa, bidezkoagoa eta askeagoa eraikitzea”, azaldu du Zaratek.
ZukEsan sortzearekin batera, EAJ-PNVk `Entzunez Eraiki´ entzuketa aktiboko prozesua jarri du abian. Bata da birtuala eta bestea fisikoa, baina biak sortu dira topagune gisa, solaskidetza, elkarrizketa eta politikagintza eta gizartegintza aberasteko gune gisa. Biak lotzen dira EAJ-PNVk herrigintza kolaboratiboan sakontzeko duen asmo irmoarekin. “Betidanik esan dugu eta aldarrikatu dugu gure Alderdia kaleko errealitatetik hurbil bizi dela, eta hala egiten du. App honekin ez dugu kaleko lana ordezkatuko telefono edo tablet batetik egin dezakegunarekin, ezta herriko plazan edo batzokian egiten duguna ere. Guztiz alderantziz. Honekin egiten ari garena da gure etxean beste ate bat zabaltzea, eta pertsona guztiak gonbidatu nahi ditugu sartzera eta gurekin hitz egitera. Zertaz? Beraiek esan nahi diguten guztiaz. Ez dago mugarik, elkarren artean lasai hitz egiteko konpromisoa besterik ez, zaratarik gabe, `hater´ eta `trol´ gabe. Hau ez da ez Twitter ez Facebook ezta Instagram ere. Beste gauza da. Konfiantzazko gune bat da eta burukideok gure “bidelagunekin” hitz egingo dugu, entzun egingo diegu, erantzun egingo diegu eta elkarren artean eztabaida lasaia izango dugu”, baieztatu du Ortuzarrek. “ZukEsan konfiantzazko gune bat da kalitatezko elkarrizketa eraldatzaileak bideratzeko. Eta horrekin bilatzen duguna da elkarrizketen kalitatea, ez horrenbeste kantitatea. Jakina, zenbat eta pertsona gehiago erregistratu eta Euskadi eraikitzen laguntzeko prest agertu, orduan eta hobeto, baina are gehiago arduratzen digu elkarrizketen kalitatean ahalik eta estandarrik gorenenari eutsi ahal izateak, elkarrizketa izango delako aberastu egingo gaituena eta hiritarren nahi eta asmoen araberako politikak pentsatzen, ezartzen eta abian jartzen lagunduko diguna”, baieztatu du Zaratek.
“ZukEsan ez da lehiaketa, baina uste dut guztiz bidezkoa dela aldarrikatzea, beste behin ere EAJ-PNV abangoardian kokatu dela Euskadin, Estatuan eta Europan ere”, baieztatu du Ortuzarrek. “Gure inguruan ez dago halako ezaugarriak dituen aplikaziorik, ez dugu alderdi politikorik ezagutzen zeinaren agintari eta buruak zuzen-zuzenean hitz egiteko, erantzuteko, komentatzeko, eztabaidatzeko eta iritzia emateko prest dauden, inolako bitartekaritzarik gabe eta beti ahal bezain pronto, seguruenik ezagutuko ez duten pertsonekin”, nabarmendu nahi izan du buru abertzaleak.
ZukEsan eskuragarri dago Google Play-en eta App Store-n. Idazmahaiko bertsioa ere jaitsi daiteke www.zukesan.eus gunetik
Gaurko aurkezpenean eman dira ezagutzera ZukEsan plazaratzeko egin dituen lau bideoak. Ondorengo estekatik jaitsi daitezke:
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09