Prentsa Aretoa

2022/12/03

Ramiro González, Irma Basterra eta Beatriz Artolazabal izango dira Arabako ahaldun nagusi, Batzar Nagusietako buru eta Gasteizko alkate izateko EAJ-PNV hautagaitzen buruak

Arabako Lurralde Batzarrak gaur goizean izendatu ditu Arabako hiru barrutietako hautagaitzak. Ramiro González Vicente ahaldun nagusigaia izango da Gasteizko zerrendaburua; Irma Basterra Ugarriza Batzar Nagusietarako presidentegaia, Aiarakoa; eta Joseba Diez Antxustegi legebiltzarkidea, Lur Jareetakoa. Era berean, Gasteizko Uri Batzarrek Beatriz Artolazabal Albeniz aukeratu dute Gasteizko Udaleko hauteskunde-zerrendaburu izateko

rss Ezagutzera eman
Ramiro González, Irma Basterra eta Beatriz Artolazabal izango dira Arabako ahaldun nagusi, Batzar Nagusietako buru eta Gasteizko alkate izateko EAJ-PNV hautagaitzen buruak

ARGAZKIA JAITSI

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EAJ-PNVren Arabako Lurralde Batzarra osatzen duten 54 Uri Erakundeek gaur goizean aukeratu dituzte 2023ko maiatzeko foru hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai-zerrendak, lurraldea zatitzen den hiru hauteskunde-barrutietan. Halaber, Gasteizko Uri Batzarrek Beatriz Artolazabal izendatu dute Gasteizko Alkatetzarako hautagaitzaren buru izateko. Emaitza guztiak aho batez eman dira.

Ramiro González Vicente egungo ahaldun nagusia izango da berrautaketarako hautagaia eta Gasteizko hauteskunde-barrutiko hautagai-zerrendako burua. Irma Basterra Ugarriza Lurralde Orekako foru diputatua da Aiarako zerrendaburua. Eta Joseba Diez Antxustegi parlamentariak gauza bera egingo du Lur Jareetako hautagaitzan. EAJ-PNVk bere foru hauteskunde zerrendak osatu ditu Arabako Foru Legebiltzarrean kuadrilla guztien ordezkaritza mantentzeko asmoarekin.

Bozketak amaituta, José Antonio Suso ABBko presidenteak, Beatriz Artolazabal eta Ramiro González hautatu berriek hitz batzuk zuzendu dizkiote Batzarrari. ABBko presidenteak eskerrak eman dizkio Arabako afiliazioari urriaren 25ean deitu zen barne hauteskunde prozesu honetan parte hartzeagatik. “EAJ-PNVk Arabako herritarren esku jarriko ditu bere gizonik eta emakumerik onenak, Arabari aurrera egiten jarraitzeko proiekturik onena garatzeko”, esan du Susok.

“Behartuta gaude kudeaketa publikoaren gidoia berriz definitzera, berridaztera, pandemiaren ondoren herritarrek dituzten behar berriei erantzuteko. Eraikitakoaren gainean eraikitzea, Gasteizek eboluzionatzen jarrai dezan”. Beatriz Artolazabalek ikuspegi feministatik, ikuspegi jasangarritik eta ikuspegi sozialetik ikuspegi berri bat eskainiko duela adierazi du ABBko presidenteak, alkategaiaren esku-hartzeari sarrera emateko.

Beatriz Artolazabalek eskerrak eman dizkie Uri Erakundeei eta ABBri, José Antonio Suso presidentearekin hasita: "Harrotasuna, ohorea, esker ona, emozioa, oroitzapenak, etorkizuna eta erantzukizuna dira nire sentimenduak". Bere hitzaldian, oroitzapen berezia izan du duela urtebete hil zitzaion aitarentzat, baita amarentzat ere. Eta hitz batzuk eskaini dizkie bere senarrari eta seme-alabei, “nire bizitzako gauzarik onenak”. Gasteizko alkategaiak José Ángel Cuerda, María Jesús Agirre eta Xabier Agirre bere erreferente politikoak ere gogoratu nahi izan ditu, eta hunkitu egin da Gasteizko lehen alkatesa izatea berarentzat ohore handia dela aitortuta. Eusko Jaurlaritzako egungo Berdintasun sailburuak ez du genero-ikuspegia galdu bere diskurtsoan, eta mezu bat helarazi du gure seme-alabak berdintasunaren sorrera izan daitezen. Halaber, berari zuzendutako irain eta zurrumurru matxista batzuk kritikatu ditu, eta, bere ama interpelatuz, esan du: "Otzana deitzen didate animalia bat banintz bezala. Zugan pentsatzen dut beti, ama. Otzana ni? Ez naiz otzana, konpromisoa, lana eta sakrifizioa naiz”.

Ahaldun nagusirako hautagaiaren hitzaldiari bide emanez, ABBko presidenteak gogorarazi du aurten EAJ-PNVk entzute prozesu aktiboa jarri duela abian, gizartearekin batera etorkizuneko proiektu bat eraikitzeko. “Beharrak ezagutzen ditugu. Estrategia bat daukagu. Ituna lortzeko lan egiten dugu, aurrera egiteko eta garatzeko tresna eraginkor gisa. Irtenbideak eskaintzeko ekimenak hartu genituen. Taldea dugu, ilusioa dugu, esperientzia dugu, konpromisoa dugu”, adierazi du José Antonio Susok.

Ramiro González ahaldun nagusi izateko hautagaiak alderdiari eta afiliazioari eskerrak emanez hasi du bere hitzaldia, berarengan jarritako konfiantzagatik; jarraian, eskerrak eman dizkio Gorka Urtaran alkateari, urte hauetan guztietan egindako lanagatik eta emandako laguntzagatik, eta, azkenik, eskerrak eman dizkio Beatriz Artolazabal alkategaiari, eman duen pausoagatik.

Ondoren, legegintzaldi honek izan dituen zailtasunak aipatu ditu, eta frogan jarri gaituen garai zail honetan egindako lanari balioa eman dio, “lanean eta akordioetara iritsita gainditu baitugu”.

Euzko Alderdi Jeltzalearen bereizgarri den politika erabilgarri eta pertsonen zerbitzura jarraitzea aldarrikatu du, Araba bere industriaren, energia-ekoizpenaren eta gizarte-politiken eraldaketa betean baitago. Amaitzeko, Ramiro Gonzálezek esan du “nire gain hartzen dudala Arabaren buru izaten jarraitzeko erronka, esperientziatik, anbizioz eta ilusioz, Arabako lehen alderdiaren babesarekin, Euzko Alderdi Jeltzalearena, gure lurraldea berme osoz gidatzeko gai den alderdi bakarrarena”.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU