Prentsa Aretoa

2022/12/19

'Entzunez Eraiki' amaitzean euskal gizartearen aurrean hamar konpromiso hartu ditu EAJ-PNVk eta “errealitate bihurtzea” hitzeman du

Euskadiko kultura-, gizarte- eta ekonomia-arloko 500 bat ordezkari elkartu dira gaur Bilboko Euskalduna Jauregian talde jeltzaleak azken urte honetan garatu duen entzute aktiboko prozesuaren ondorioak aurkezteko egin den ekitaldian

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EBBren presidente Andoni Ortuzarrek eta Berrikuntza Politikoko burukide arduradun Xabier Barandiaranek “Photoshopik gabe” aurkeztu dute euskal gizarteak EAJ-PNVri atera dion argazkia.

EAJ-PNVk euskal gizarteari entzun dio. Prozesu intentsu, diskretu, erraz eta zintzo baten bidez egin du azken urte honetan, euskal gizartearen eskutik Euskadiren etorkizuna eraikitzeko proiektu partekatua eraikitzea xede, 2021eko azaroan, ‘Entzunez Eraiki’ izenarekin abiarazi zuen entzute aktiboko prozesuaren barruan. Eta, gizarteari entzun ondoren, talde jeltzaleak solaskidetza horren analisi sakona egin du, prozesatu egin du eta ondorio batzuk atera ditu, gaur arratsaldean , Bilboko Euskalduna Jauregian , elkarlanezko ataza horren ondorioak euskal gizarteari ‘itzultzeko’ egin den ekitaldian aurkeztu dituenak. Ondorio hauek erreferentziatzat izango ditu talde jeltzaleak eta oso kontuan hartuko ditu datorren urte bete eta erdian egingo diren hauteskunde prozesuetara EAJ-PNVk eramango dituen programa guztiak idazteko orduan. Aurkezpena egin dute Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek eta Berrikuntza Politikoko burukide Xabier Barandiaranek. ‘Entzunez Eraiki’ prozesuaren ondorioak agiri berritzaile batean jasota geratu dira, EAJ-PNVk lankidetza honen fruitu gisa euskal gizartearekin hitzeman dituen hamar konpromisoekin batera.

‘Entzunez Eraiki’ prozesuaren ondorioen agiria (lerro hauen amaieran agertzen den estekaren bidez jaitsi daiteke) Euskadiko elkarte eta kolektiboetatik, gizarte, kultura eta ekonomia arloetako elkarte, kolektibo eta entitateen ordezkaritzan Euskalduna Jauregira joan diren 500etik gora pertsonei eman zaie. Hauetako askok parte hartu dute (eta, beraz, EAJ-PNVz pentsatzen dutena eta alderdiarengandik behar , nahi eta espero dutena adierazi dute) entzute aktiboko prozesu hau Euskal Herriko lau puntu kardinaletatik, Bidartetik Guardiaraino, Ezkerraldetik Iruñeraino, eraman den prozesu honen baitan egin diren ia 250 topaketetan, batzuk publikoak eta besteak diskretuak. Ondorio hauek kontuan hartuko ditu EAJ-PNVk gaurtik bertatik barne esparruan zein erakundeetan garatuko duen jarduketa politikoa bideratzerako orduan, talde jeltzaleak proiektua abian jartzean hitzeman zuenari jarraiki. “Ahalegina eskatu digun prozesua izan da, konplexua, ibiltaria”, aitortu du Ortuzarrek. “Elkarrizketa-esparru bitan jardun behar izan dugu, kanpokoa bata eta barrukoa bestea, eta bakoitzak abiapuntu bat zuen. Eta, nolabaiteko eszeptizismoa gainditu behar izan dugu, nolabait esanda ‘kanpotik’ zetozenen artean eta, zergatik ez esan, burukide batzuen artean ere. Eszeptizismo hau esan dezakegu gaur egun alderdi bietan desagertu dela, emaitzak merezi izan duelako. Bidaiak berez izan du bere balioa eta horregatik soilik mereziko zukeen, baina gaur aurkeztuko dugun agiriak eta agiri horretan jasotzen dena betetzeko hitzematen dugunak are gehiago asebetetzen eta pozten gaituzte prozesuan parte hartu dugunok”, adierazi du buru abertzaleak.

Bere aurkezpenean, Ortuzarrek balioetsi nahi izan du agiriak jasotzen dituela azken urte honetako ‘Entzunez Eraiki’ prozesuan parte hartu duten pertsonengandik EAJ-PNVk jaso dituen iruzkin, adierazpen eta iritzi onak zein txarrak. “Horixe da euskal gizarteak atera digun argazkia, ukitu edo Photoshopik gabe”, bermatu du. “Ikusiko duzue ez dugula ezer ere ezkutatu. Egiaztatuko duzue hobetu ahal eta behar ditugun gauzetara dedikatutako testuak ondo egiten omen ditugun gauzen testuak baino luzeagoak dira, ia bi aldiz luzeagoak. Baina, alderdi sendo bat daukagu, bere burua gizartearen ispiluan ikusteko gai dena eta aldatu beharreko guztia aldatzeko eta hobetu behar den guztia hobetzeko konpromisoa har dezakeena ,hurrengo argazkia hurbilago egon dadin euskal gizarteak gugandik espero duenetik”, baieztatu du buru jeltzaleak.

Ortuzarrek ez du ezkutatu kezkatuta dagoela egun arlo guztietan eta bereziki politikaren arloan bizi dugun “garai nahasiagatik”, “egungo ziurgabetasunengatik ”. Duela urte batzuk imaginario kolektiboan instalatu zen ‘politika berriaren’ eta ‘politika zaharraren’ arteko lehiaren ideia, eta EAJ-PNV bigarren kategorian sartuta geratu zen. “Ni ez nago ados politika berriaren eta zaharraren arteko zatiketaren ikuspegi horrekin. Politika ona dago eta politika txarra dago. Politika batek bilatzen du gizartearen arazoak konpontzea, eta beste politika bat dago arazoak sortzera dedikatzen dena. Politika bat dago pertsonak dituela ardatz eta xede nagusi, eta beste politika bat dago burua, pertsona bakarra, guztiaren ardatz bihurtzen duena. Guk, EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizonok, politika onaren alderdian egon nahi dugu, jendearen ondoan dagoenarekin, bere arazoak konpondu nahi dituenarekin, gizarte honi ziurtasunezko, oparotasunezko eta askatasunezko etorkizuna emateko. ‘Entzunez Eraiki’ horixe izan da eta da: euskal gizartearekin berriz konektatzeko prozesua,pandemiak ekarri duen hondamenaren ondoren. Dinamika zintzo, diskretu, garbi eta adoretsua, zeinetan EAJ-PNVk denetatik entzun baitu: gomendioak, iradokizunak eta exijentziak, baina baita protestak, gaitzespenak eta kexak ere. Prozesu modernoa, azken finean, ‘politika onaren’ esparruaren baitan kokatzen duguna.

Berrikuntza Politikorako arloaren burukide arduradun eta Entzunez Eraikiren koordinatzaile Xabier Barandiaranek adierazi du Entzunez Eraikiren gauzarik garrantzitsuena prozesua bera izan dela. “Gizartearekin hausnartzeko egin den dinamika, hemendik aurrera biziraun nahiko duten eta demokrazia liberalean sakondu nahiko duten alderdiek egin beharko dutena. Hausnarketa egin ezean, gizartearen hausnarketa hauek guztiak elkarren artean partekatu ezean, etorkizunera begira ez da politika egiteko aukerarik egongo. Lau urterik behin bozkatzearekin, gaur egun, ez da nahikoa”.

Barandiaranek entzute aktiboko prozesu honetan jaso diren adierazpen batzuk laburbildu ditu. Burukideak lehenetsi beharrekotzat nabarmendu du politikaren lehen mailara eraman behar dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Jeltzaleak era berean azpimarratu du alderdia migratzaileei zabaldu beharra: “Migrazioa da fenomeno bat bertan geratzeko etorri dena. Kontua ez da soilik migratzaileenganako borondate ona izatea, etorkizuna kulturartekotasunean oinarri harturik eraiki behar delako. Gainditu gabe daukagun ikasgaia da hori”. Azpimarratu duen beste adierazpen bat izan da “klima aldaketaren gaia seriotan hartu beharrarena. Elkarren artean egin behar dugu, baina alboz jarri gabe”. Burukideak ez du euskara ahaztu nahi izan: “Euskarari buruz hitz egin beharrean, euskaraz hitz egin behar dugu. Titularrak euskaraz eman behar ditugu, euskaraz lan egin”.

Ondorengoa da EAJ-PNVk euskal gizartearekin hitzeman dituen konpromisoen dekalogoaren laburpena:

1. Demokrazian sakontzea eta indartzea

Erakunde guztietan funtsezko jotzen ditugun hiru prozesu bultzatuko ditugu: Herritarrei aktiboki entzutea, Zintzotasun instituzionaleko sistema aplikatzea; eta Kontuak azaltzeko prozesua.

2. EAJ-PNVren barne bizitza aktibatzea

EAJ-PNVren barne bizitza aberastuko dugu eta alderdia gizartera zabalduko dugu, lau lan arlo nagusi lehenetsiz: Solaskidetza migratzaileekin; Klima aldaketari aurre egiteko lana; Genero berdintasuna; eta Harremanak sare sozialetan.

3. Harremanak areagotzea gizarte antolatuarekin eta elkarteekin

Adostasun zabalak lideratu eta ehunduko ditugu Euskadirentzat funtsezkoak diren gaien inguruan. EAJ-PNVk gizartearekin lankidetza zuzena egiteko bidea finkatu eta indartuko du.

4. Kontakizun osoagoa eta emozionalagoa XXI. menderako

Euskal herrialdeetan bizi diren herritarrak Euskadirekin eta eraikuntza nazionaleko proiektuarekin hobeto identifikatzea lortuko dugu, ikuspegi integralago batetik; euskal herriaren kausa uztartuz, eraldaketa globalei erantzuteko gaitasunarekin.

5. Euskara, euskal arima

Euskara biziberrituko dugu gizartean bere erabilera bultzatuz. Aldi politiko eta sozial berri bati ateak irekitzeko garaia da, euskararen aldeko itun zabalaren bidez. Prozesu hori bultzatu egingo dugu eta lideratu egingo dugu.

6. Genero berdintasunaren, elkartasunaren, aniztasunaren eta iraunkortasunaren belaunaldia

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatuko dugu EAJ-PNVren ordezkaritza politikoan, esparru instituzionalean zein barne-ordezkaritzan. EAJ-PNV modu proaktiboan irekiko dugu migratzaileentzat, eragile bideratzaile izango gaituzte Euskadin bizitza osorako proiektua garatu ahal izan dezaten.

7. Garapen ekonomikorako eredu propioa, kalitatezko enplegua eta zerbitzu publikoak

Euskal enpresaren eta Euskadin aberastasuna sortzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, kalitatezko enplegua finkatzeko eta gizarte bidezkoagoa eta oparoagoa finkatzeko. Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Babeseko oinarrizko zerbitzuak indartzen jarraituko dugu.

8. 2030 Agenda, politika publikoetarako marko gisa

Lehentasuna emango diegu demografiaren erronkari, ekonomiaren eta gizartearen digitalizatzeari, eta gizarte bazterkeriaren kontrako borrokari. Euskadiko egituraketa instituzionala modernizatuko, arinduko eta eguneratuko dugu, etorkizuneko beharrei moldatuz, eta gizartearekin egingo dugu.

9. Nafarroa eta Iparralde

EAEtik asko hitz egin dugu baina gutxi entzun diegu Nafarroari eta Iparralderi. Gizatalde berriei ateak ireki eta ‘nafartasun’ handiagoa bilatuko diogu EAJ-PNVren nortasun ezaugarrietan. EAJ-PNV Iparralden garatzen ari den lana erabakitasun handiagoarekin babestuko dugu, bereziki gizarte antolatuaren esparruan.

10. EAJ-PNV munduan

Nazioartekotze politiko eta instituzionalerako programa zabal bat garatuko dugu. Europako erakunde eta herrialdeenganako harremanak indartuko ditugu. Harreman berri batzuk ezarriko ditugu beste herrialde batzuekin eta beste eragile batzuekin, aliantza berriak ezartzeko eta Euskadik esparru globalean erraztasun osoz jardun dezan.

“Prozesu honek utzi digun argazki horretan”, amaitu du Ortuzarrek, “baten batek akastzat nabarmendu digu batzuetan nolabaiteko harrokeria erakusten dugula. Ondo da, bekatua dugu penitentzia: gaur, apaltasun osoz aitortu nahi dut gure kabuz bakarrik, EAJ-PNVri bakarrik, zail egingo zaigula horiek helburu guztiak lortzea. Zuen konplizitatea behar dugu, zuen lankidetza, zuen ikuskera kritikoa eta zuen laguntza irmoa. Elkarrekin bai, elkarrekin bai lortuko dugu. Gaur hemen elkartu gara euskal gizartearen ordezkaritza zabal, anitz eta irekia. Baten bat faltako da seguruenik, baina argi dagoena da gaur hemen batu garenon artean inor ez dagoela soberan Euskadiren etorkizuna eraikitzeko. Behar zaituztegu, bide honetan nahi zaituztegu, eta zuekin guztiokin egin nahi dugu eta egingo dugu Euskal Herria oparotasun, zuzentasun eta askatasunezko etorkizunera eramateko bidaia ”.

Agiri osoa

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU