Prentsa Aretoa
2023/03/23
Beatriz Artolazabalek eta Ramiro Gonzálezek modu koordinatuan erantzungo dute Gasteiz eta Araba erakargarri izan daitezen industriarako
Gasteizko alkategaiak eta Arabako ahaldun nagusigaiak lankidetzaren adibide gisa jarri dute Mercedesek Gasteizen egingo duen 1.200 milioi euroko inbertsioa. Inbertsio horrek, nabarmendu dutenez, ahalbidetuko du industria oso bat garatzea, ibilgailu elektrikoari lotutakoa
Gasteizko Udalerako EAJ-PNVren hautagai den Beatriz Artolazabalek eta Arabako ahaldun nagusi eta berrautaketarako hautagai den Ramiro Gonzalezek Gasteiz eta Araba inbertsio, talentu eta proiektu berritzaileak erakartzeko polo bihurtzearen alde egin dute. Komunikabideekin izandako topaketan, biek nabarmendu dituzte lurraldearen eta erakundeen indarguneak, beti egon baitira, eta jarraituko baitute egoten, enpresen ondoan.
Gasteizko alkategaiak lankidetza instituzionala eta lankidetza publiko-pribatua defendatu ditu, ahaleginak batzeko eta emaitzarik onenak lortzeko duten balioagatik. Administrazioek enpresen beharrei erantzun behar diete, oinarri sendoak jarriz jarduera sortzeko eta aukerak sortzeko. Modu koordinatuan lan egin eta estrategiak partekatu behar dira. Eta enpresetatik oso gertu egon behar da erabakitasunez eta lidergo argiz jokatzeko. Artolazabalek jardunbide egokiaren adibide gisa aipatu du euskal erakundeek egindako lana Mercedes Benz handitzeko 1.200 milioi euroko inbertsioa “pasatzen ez uzteko”. “Inbertsio oso garrantzitsua, bai lantegiko zuzeneko enpleguetarako, bai etorkizunean ibilgailu elektrikoaren teknologia horren inguruan gara daitekeen industria laguntzaile osorako. Inbertsio gehiago eta kalitatezko enplegu gehiago. Eredu elektriko berriaren hornitzaileen katea beste aukera handi bat dela” adierazi du.
Sinetsita industria zaindu beharreko gure altxor handia dela, Artolazabalek aipatu ditu euskal hiriburuak dituen ahalmen handiak kalitatezko enpleguaren bultzatzaile izateko, lurzoru industrialaren ahalmena garrantzitsuenetako bat izanik. Vitoria-Gasteizek lau aukera-gune handi ditu: VIAP (Forondako industria- eta logistika-parkea), Jundiz, Gamarra eta Betoñuko poligonoak eta Miñaoko teknologia-parkea. Balio erantsi handiko enpresak hazteko eta garatzeko eremuak. Ildo horretan, alkategaiak iragarri du lurzoruaren kudeaketa eta lizentzien tramitazioa erraztuko diela hiriaren alde egitea erabakitzen duten enpresei. - Ditugun indarguneez fidatzen gara. Produkzio-ehunean konfiantza dugu. Konfiantza dugu pertsonengan eta konfiantza dugu gure esperientzian, EAJ-PNVrenean, Gasteiz eta Araba kalitatezko inbertsio, proiektu eta enplegu berrien eragile bihur daitezen.
Bestalde, Ramiro González Arabako ahaldun nagusi eta berrautaketarako hautagaiak adierazi du uste osoa duela Arabak gidatu behar duela automobil-industriaren eraldaketa, “gure industria nagusia baita, eta dibertsifikazioan aurrera egin behar duela, batez ere berrikuntzarekin lotutako jarduera eta sektore berrietara irekiz”. Haren ustez, funtsezkoa da eraldaketa horretan Arabako Foru Aldundiak azken urte honetan sektorearekin lankidetzan egin duen lana, batez ere Mercedes Benzekin. “Urte erabakigarriei aurre egin behar diegu, non sektoreak gure lurraldean presentzia eta pisua irabaziko duen. Mercedes Benzen aldetik jarduera gehiago, 1.200 milioi euroko inbertsio historikoarekin eta hornitzaileen pisu handiagoarekin, ahaztu gabe Fabrikazio Aurreratuko Zentroa instalatzeko akordioa. Hori guztia ezinbestekoa da Arabaren etorkizunerako”.
Ildo horretan, Arabako ahaldun nagusi eta EAJ-PNVren hautagaiak iragarri du asmoa duela etorkizunean fiskalitatea erabiltzen jarraitzeko, “gure tresna nagusia baita, enpresak, autonomoak eta familiak babesteko. Behar den neurrian egiten jarraituko dugu. Neurriak hartzen jarraituko dugu”.
Azkenik, Ramiro Gonzálezek gogorarazi du Arabako Teknologia Parkeak izan duen sendotze-, hazkunde- eta hedapen-prozesu garrantzitsua. “Lurralde gisa kokatu gara erreferentziazko polo teknologiko gisa energiaren, EIKTen (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) eta biozientzien sektoreetan, bereziki aeronautikaren sektorearekin batera. Aparteko hazkundea izan da, parkearen potentzialtasunen eta Lurraldeak azken urteotan enpresa-jarduerarako irabazi duen erakargarritasun ukaezinaren ondorioz”.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09