Prentsa Aretoa

2023/04/28

Beatriz Artolazabalek kultura- eta hizkuntza-politikak indartuko ditu, gizarte-kohesiorako elementu gisa

EAJ-PNVren Gasteizko alkategaiak kultur azpiegiturak modernizatzeko, eduki onez betetzeko eta bertako artistei laguntzeko konpromisoa hartu du. “Erakundeok programazio ona ziurtatu behar dugu instalazio on batzuetan, eta bertako sustatzaileei, sortzaileei eta artistei lagundu behar diegu”

rss Ezagutzera eman
Beatriz Artolazabalek kultura- eta hizkuntza-politikak indartuko ditu, gizarte-kohesiorako elementu gisa

ARGAZKIA JAITSI

Kultura, ondarea eta euskara. Beatriz Artolazabal Udalerako hautagai jeltzalearentzat, etorkizuneko Gasteiz eraikitzeko hiru ardatz dira. “Giza garapenaren eta garapen ekonomikoaren hiru motorrek batzen gaituzte, identifikatzen gaituzte eta harro egoteko arrazoi dira. Komunitate anitza eta plurala elkartzeko elementuak dira. Sendotzen baditugu, hiriak irabaziko du”.

Artolazabalek ziurtatu du erakundeek lan egin behar dutela auzotarrei instalazio onak eta programazio ona eskaintzeko pertsona guztien eskura, eta, horregatik, prezio-politika pizgarri bat garatzeko proposamena egin du, kultura diskriminazio-elementu izan ez dadin. “Kultura ezin da elementu esklusiboa izan. Baliabide faltagatik inor ez dadin sartu gabe geratu lan egingo dugu. Hiri kulturala gara. Gehiago kontsumitzea nahi dugu», adierazi du.

Kazetariekin izandako topaketan, eta gaur San Prudentzio ospakizunarekin bat eginez, Artolazabalek iragarri du egungo kultur azpiegiturak modernizatu eta egokituko dituela gizartearen behar eta eskaeretara. “Principal Antzokiaren eraberritzea burutuko dugu, Izaskun Arrue Kulturgunea jardueraz beteko dugu, gizarte-etxeetako antzokien sarea hobetuko dugu eta proiektu bat egingo dugu Iradier Arena benetako elementu dinamizatzailea izan dadin”. “Instalaziorik onenak nahi ditugu eskaintza askotarikoa eta kalitatezkoa erakartzeko”, gaineratu du.

Alkategaiak bereziki azpimarratu du hiriko sustatzaileek, sortzaileek eta artistek izango duten zeregina; “izan ere, gehiago kontsumitzea eta gure hiria kultura-hiri gisa aitortzea nahi badugu, administrazio aliatua izan behar dugu, kultura- eta sormen-industriak eta horien profesionalak defendatu, sustatu eta babestuko dituena”. Horrela, hiriko artistei laguntzeko plan bat jarriko du abian, bekak, mintegiak eta elkartrukerako programak eskainiz, beren karreretan pizgarri izan daitezen. Halaber, crowdfunding-eko plataforma publiko-pribatu bat, erakundeek, eragile pribatuek eta, oro har, herritarrek artistak finantzatzen lagun dezaten.

Titulartasun publikoko jauregien mantentze egokia bermatzeaz gain, espazio publikoan dauden artelanak berreskuratzeko plan bat iragarri du Artolazabalek. “Gure kaleak eta plazak ere aire zabaleko museoa dira, eta, askotan, ez dute merezi duten arreta eta mantenua jasotzen”.

Hori da, hain zuzen ere, EAJ-PNVko hautagaiak gaur zehaztu duen estrategiaren zati bat, tokiko kultur jarduera bultzatzeko, Gasteiz kultur hiriburu gisa nazioartean duen irudia proiektatzeko, kontsumoa sustatzeko eta hiriko arteari balioa emateko.

Euskarari dagokionez, Artolazabalek merezi duen lekua eman nahi dio, “gaztelaniaren aldean duen desabantaila-egoerak ahalegin handiagoa egitera behartzen gaituelako benetako erabilera-hizkuntza izan dadin”. Izaskun Arrue Kulturgunea irekitzea lagungarria izango dela esan du.

Ekitaldian, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidenteak ohartarazi du inkestek hauteskundeetan parte hartze txikia aurreikusten dutela eta maiatzaren 28an botoa ematera joateko eskatu die pertsona guztiei, “ez baita gauza bera sigla batzuei eta besteei botoa ematea. Ez bozkatzea ezker abertzalearen alde egitea da. Ez bozkatzea da aukerarik txarrena. EAJ-PNV da ziurgabetasun uneetan seriotasuna, konfiantza eta egonkortasuna ematen dituen alderdia. Ezker abertzaleari botoa ematea atzerakadaren alde egitea da, abenturaren alde. Eta ez gaude abenturetarako. Segurtasuna emateko gaude. Ezker abertzaleari botoa ematea programa huts bat bozkatzea da, ez baitakite zer eskaini gizarte honi, ez baitakite kudeatzen. Diskurtso atsegin batekin datozkigu, baina betiko berberak dira. Ez da ezer aldatu”.

Susok militantziari eskatu dio jendea konbentzitzeko “gurekin batera hiri honek aurrera egiten jarraituko duela, bere auzoak zainduta egongo direla, adinekoak artatuta. Hiri handia izan dadin ahaleginduko gara, pertsona guztientzat aukerak izango dituena”.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU