Prentsa Aretoa

2023/07/09

EAJ-PNVk Segurantza Sozialaren transferentzia eskatu du “euskal herritarrentzako pentsio gehiago eta hobeak” bermatu ahal izateko

Andoni Ortuzarrek, Aitor Estebanek eta Almudena Otaolak hitz egin dute gaur EAJ-PNVk Zaramagako Martxoaren 3ko Plazan egin duen kanpainako ekitaldian. Bertan, 1976an hil ziren bost langileak gogoratu dituzte, Espainiako Estatuak “egia, justizia eta erreparazioa” zor baitie oraindik

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Zuen botoa zertarako eskatzen dugun? Madrilen Euskadiren ahotsa izaten jarraitzeko. Hitza eta botoa nahi ditugu Segurantza Sozialaren transferentzia lortzeko. Zertarako? Euskadin pentsio gehiago eta hobeak bermatzeko. Hitza eta botoa nahi ditugu euskal erakundeak defendatzeko, erakunderik gabe ez baitago Herririk. Hitza eta botoa nahi ditugu, Euskadik Europan parte har dezan bermatzeko. Hitza eta botoa nahi ditugu trenbidearen eskuduntza lortzeko, Portu eta Aireportuen eskuduntza lortzeko, hobeto komunikatzeko, Europarekin konektatzeko, hazteko eta aukera gehiago izateko. Horretarako nahi ditugu hitza eta botoa Euzko Alderdi Jeltzalearentzat”. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentearen hitz horiek borobiltzen dute EAJ-PNVk gaur goizean euskal herritarrei helarazi nahi izan dien mezua, Zaramagako Martxoaren 3ko plazatik, non Euzko Alderdi Jeltzaleak kanpainako ekitaldi berri bat egin duen ‘Euskadiren ahotsa gira’ ekimenaren bigarren emanaldian. Ekimen horren bidez bilatzen du EAJ-PNVk uztaileko hauteskunde-kanpaina dinamizatzea eta ospakizun arin eta alaia izan dadin. Almudena Otaola Senaturako Arabako zerrendaburua eta Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramailea ere izan dira ekitaldian. “Euskadin bertan eginiko egitasmoa dugu. Euskadin eta Euskadirentzat eginiko egitasmoa. Programa horrek eskubide eta askatasun gehiago jasotzen ditu, Europako funts gehiago, klima-aldaketaren aurkako borrokarako konpromiso handiagoa, emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorra, pentsio bidezkoagoak eta duinagoak, industriaren eta enpleguaren aldeko apustua, gazteentzako aukera gehiago, ongizate-estatuaren babesa eta autogobernu handiagoa eta hobea”, ziurtatu du jeltzaleen exekutibako buruak.

Ekitaldian hitza hartzean, Ortuzarrek gogoratu nahi izan ditu Gasteizko auzo horretan, Zaramagan, 1976ko Martxoaren 3an hil zituzten bost langileak eta haien familiak, Espainiako Estatuak oraindik “egia, justizia eta erreparazioa” zor baitie. Halaber, buruzagi abertzaleak elkartasunezko eta adeitasunezko mezua helarazi die joan den ostegunean Euskadiko hiriburuan izandako txingor zaparrada historikoak kaltetu zituen gasteiztar guztiei. Era berean, Ortuzarrek gasteiztar eredugarri bat ekarri du gogora, Francisco Javier de Landaburu eta Fernandez de Betoño, “gerra, diktadura eta erbestea pairatu zuen belaunaldi baten ordezkaria, demokraziarik, askatasunik eta eskubiderik gabe euskal herritarren kausa defendatzen jarraitu zuen belaunaldi baten ordezkaria”, adierazi du EBBko buruak, eta bere ondarea gaur egungoarekin lotu du. “Landaburuk euskal herritarren kausaren aldeko konpromiso iraunkorra sinbolizatzen du. Inork ez zien ezer musutruk eman, guri ere inork ez digu ezer musutruk eman. Alderantziz: Almudenak, Mikelek, Aitorrek, Kongresuko Euskal Taldeak eta Senatuak ondo baino hobeto dakite hori. Bere sasoian ohartarazi genuen gure Autogobernua, Eskubide Historikoak, Ekonomia Ituna eta euskal erakundeak etengabe higatzen ari direla isilean. 2020an Covid pandemia iritsi zen, eta birzentralizazioaren pandemia isila ere iritsi zen: Gernikako Estatutuaren ez-betetze sistematikoa, oinarrizko legeak, sistema judizialaren erabilpena euskal erakundeen ekintza-gaitasuna mugatzeko... 2020an, Espainiako Gobernuak Estatutua osorik betetzea onartu zuen, baina oraindik ez du hitza bete. Ez dugu etsiko. Konpromisoak bete egin behar dira, autogobernua defendatu egin behar da. Ez da mugatzen, ez da gelditzen, ez da zapaltzen, nahiz eta horretan alderdi guztiak ados egon, egitez edo ez-egitez. Salbuespen bakarra, alternatiba bakarra, berme bakarra, Euzko Alderdi Jeltzalea, euskal salbuespena”, aldarrikatu du buru abertzaleak.

Aitor Estebanek, Euskal Taldearen bozeramaileak, Arabarren lan egiteko gaitasuna eta dinamismoa azpimarratu ditu, eta egungo testuinguru ekonomikoan, Madrilgo gobernuari erreklamatu dio “lurralde hau  bazterturik ez uztea eta Europako Funtsak industriara hel daitezela”. Zentzu honetan, Estebanek gogora ekarri duenez “EAJ-PNV da alderdi bakarra Euskadi lehentasun  nagusi duena, zeinaren  leialtasuna Euskadirentzat besterik ez den eta elkarrizketarako eta akordiorako gaitasuna  duena”. Hautagai jeltzaleak lehiakortasunaren hobekuntza lotu du enpleguarekin eta pentsioak finkatzearekin. “Pentsioak hobetu egin ziren”, gogoratu du Estebanek “ EAJ-PNVen ekimenari esker, 2018an eta 2019an lortu baitzuen KPIaren arabera eguneratzea. Alarguntza-pentsioak hobetuz eta eguneratze faktorea geldiaraziz”. 

Amaitzeko, Estebanek euskal herritarrei adierazi nahi izan dienez “uztailaren 23an jokoan dugu Euskadiren etorkizuna, presente egon ahal izan dadila bere ahots propioarekin, estatuko alderdien zuzentarauen mende egon gabe, ahots orekatuarekin, estremismorik gabe eta ahots independentearekin, leialtasun bakarra euskal hiritargoarentzat daukan alderdi batekin”. Horregatik “ Madrilen Euskadiren ahotsa izaten jarraitu nahi dugulako, zuen botoaren indarra behar dugu, eta boto mesedegarri eta erabakigarri bakarra, EAJri emandakoa izango da”, esan du Estebanek.

Almudena Otaolak, Arabako senatari eta berraukeratzera aurkezten den hautagaiak, Zaramagan duela 47 urte gertatutako ezbeharra gogoratu du, eta esan du oraindik ez dela gertakariak argitzeko eta erreparazioa eskaintzeko ahaleginik egin. “Askotan neure buruari galdetzen diot politikaren helburu nagusia zein den, eta zerbitzu publiko deitzen dugun horretan zergatik ematen ditugun gure denbora eta gure esfortzua”, adierazi du. “Gaurkoa lako egunetan eta lekuetan, galdera horren erantzuna aurkitzen dut. Biktimei eta haien senideei eginiko kalteei ordaina emateko gaude. Pertsonen eta herrien eskubide unibertsalak babesten laguntzeko gaude. Eta, zuen laguntzarekin, Madrilen ere izango gara hau dena ahaztu ez dadin. Horretarako, ezinbestekoa da Kongresuan ahots propioa eta talde sendoa izatea. Justiziarekin eta giza eskubideekin dugun konpromisoa erabatekoa da, beti izan da hala”, amaitu du Otaolak.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU