Prentsa Aretoa

2023/07/12

EAJ-PNVk bere itun bakarra “Euskadirekin, Euskadiren alde eta Euskadirentzat” dela gogoratu du Laudion

Andoni Ortuzarrek Pedro Sánchezi ohartarazi dio EAJ-PNV ez dela Bildu bezain ‘otzan‘ izango, eta ohartarazi du jeltzaleen balizko babesa “irabazi egin behar dela”; Aitor Estebanek, bere aldetik, ultraeskuinaren kontra eta haiei “diskurtsoa erosten” diotenen kontra egin du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Lehengo egunean Iturgaitzek esan zuen EAJ bozkatzea Sánchez bozkatzea bezala zela. Egun berean, Sumar taldeko hautagaiak esan zuen EAJ bozkatzea PP bozkatzea bezala zela. Atzo bertan, Otegik gaitzetsi egiten zizkigun PPrekin omen genituen balizko itunak. Eta, jarraian, Javier de Andrési entzun genion, aieneka, EAJk ez duelako PPrekin hitzartu nahi. Dena aldi berean ezin, ezta? Dena gezur borobila da. EAJk Euskadirekin baino ez du hitzartzen, Euskadiren alde eta Euskadiren mesedetan. Hori da guk daukagun altzairuzko itun bakarra. Egia bakarra da EAJ bozkatzea Euskadi bozkatzea dela. EAJ bozkatzea da Madrilen euskal herritarren interesen eta eskubideen alde egin ahal izateko aukeraren alde bozkatzea. Hori da egia!”.

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Laudion eman nahi izan die erantzuna aste osoan “EAJri egurra ematen” aritu diren alderdi eta politikariei, euren dardo guztiak jaurtikitzeko dianatzat hartu baitute talde jeltzalearen akordio politika dela-eta. Alderdi jeltzaleak azken egun hauetan argi baino argiago utzi nahi izan du hitzarmen eta itunetarako daukan politika. Eta ura bezain garden utzi du gaur ere Euskal Taldearen bozeramaile Aitor Estebanek Aiaraldeko hiriburuan. “Voxekin, ezta oinordetzan hartzera ere ez”, esan du bozeramaile jeltzaleak. Ortuzarrek eta Estebanek hitza hartu aurretik hitz egin du Senaturako Arabako zerrendaburu Almudena Otaolak, Madrildik Aiarako industriaren alde lan egiteko konpromisoa hartu duena, bereziki gaizki pasatzen ari diren eskualdeko enpresa txiki eta ertainen alde. “Industria lehentasuna da EAJrentzat. Aiararen ahotsa, gure industriarena, Madrilen ozen eta argi entzunarazi behar dugu”, esan du.

Ortuzarrek “inoren iruzurrik ez onartzeko” eskatu die euskal herritarrei. “Hau ez da biren arteko kontu bat, sinestarazi nahi diguten bezala. Hau ez da Sanchézen eta Feijóoren arteko lehia. Gorte Nagusietan Araba eta Euskadi ordezkatuko dituzten emakumeak eta gizonak aukeratzen ditugu”, gaineratu du. “Eta hemengo gauzak, Aiarakoak, Arabakoak, Euskadikoak, esku onetan egongo direla bermatzen diguten pertsonak aukeratu behar ditugu. Pentsioak, industriarentzako laguntzak, trenetako inbertsioak, Nerbioi bezalako ibaietakoak, lehen sektorearentzako laguntzak edo euskara. Nor pentsatzen duzue kezkatuko dela gauza hauek guztiak lortzeaz: Mikel Legarda eta Almudena Otaola... edo Sánchez eta Feijóo? Erantzuna argia da: Almudena eta Mikel”. Buruzagi abertzaleak uste du EAJ alderdi politiko guztien ahotan dagoela, “traba egiten diegulako”. Espainiako alderdiei, “Euskadiren alde lan eskasa egiten dutela aurpegiratzen diegulako eta koloreak ateratzen dizkiegulako egiten dutenagatik, baina txarrerako, euskal interesen aurka egiten baitute”. Eta Bilduri, “Madrilen gure presentzia euskaldunentzat beraiena baino eraginkorragoa delako, legegintzaldi honetan Sanchézen eta Podemosen komodinik otzanena eta merkeena izan direlako”. “Bilduk txeke zuriak ematen jarraitu nahi badu, edozertarako prest badago han moketa zapaltzen utz diezaioten, egin dezala”, adierazi du Ortuzarrek. “Baina guk ez dugu egingo. Sánchezek gure botoak beharrezko baditu, hitz egingo dugu, jakina, baina berak egin beharko digu planteamendu serio bat, sinatuta eta esan beharko du gure botoa zertarako nahi duen. Nola erabiliko duen. Eta argi eta garbi azaldu beharko ditu Euskadirekin dituen konpromisoak, legegintzaldi honetan bete ez dituenak eta hurrengoan hartuko dituenak. Orduan erabakiko dugu gure botoa. EAJren botoa, Euskadiren botoa, irabazi egin behar da”, esan du EBBko presidenteak.

Aitor Estebanek "letra larriz idatzitako politika, benetako politika, elkarbizitza eta errespetua" aldarrikatu ditu, eta Lauaxeta, Lurgorri, Ajuriagerra eta Agirre lehendakaria aipatu ditu. Ordezkari horien aurrean, "ekintza politikoa ulertzeko beste modu baten bermea", Estebanek gogor kritikatu du "eskuin muturra Estatuaren politikan sartzea, negazionismo historikoaren lotsagabekeria, indarkeria matxista bezalako gaitzak zalantzan jartzea, edo xenofobiaren defentsa ez dira anekdota edo amets txar bat. Are gutxiago duela lau egun arte "jardunbide egokien" eta "erregenerazio politikoaren" lezioak eman nahi zizkigutenek diskurtso urratzaile eta lazgarria erosi dutenean, esan du Estebanek.

Euskal Taldeko bozeramaileak memoria historikoa ere izan du hizpide, eta boterera iritsiz gero ezabatu nahi dutenak kritikatu ditu. "Inoiz ez EAJren babesarekin, aurrean izango gaituzte", esan du. Ildo horretan, "biktimak eta mina eragin duten mota guztietako gehiegikeriak" salatu eta "Melillakoa bezalako sarraskietan gardentasuna eta erantzukizunak argitzea" eskatu ostean, hautagaiak berretsi du jeltzaleek “gelditu” egingo dituztela "eskubide berriak babestu dituzten balizko legeen aurrean".

Almudena Otaola senatari eta hautagaiak gogora ekarri ditu inguruko enpresa txiki eta ertain batzuek gaur egun dituzten zailtasunak. “Hor gaude eta aurrera egingo dugu, Aiaran beti egin dugun bezala. Industria lehentasuna da EAJrentzat. Aiararen ahotsa, gure industriarena, Madrilen ozen eta argi entzunarazi behar dugu”, esan du. Hautagai okondoarrak ez du aukera pasatzen utzi nahi izan lehen sektoreari erreferentzia egiteko, “nekazarien eta abeltzainen seme-alabak garenoi harro sentitzeko arrazoia ematen digu lehen sektoreak, gure elikaduraren eta bizitzaren oinarria ekoiztea zer den baitakigu. Sektorearen lehentasunei aurre egiteko programa serio eta erreala dugu. Hori da gure eredua, eta horri eusteko, Madrilen indarrez hitz egin eta negoziatu behar dugu”, adierazi du. “Madrilen hitza eta botoa izateak zer esan nahi duen erakutsi dugu. Hemen ondo ezagutzen duzue: Amurrioko estazioko nasen arteko pasabiderako inbertsioa, Nerbioi Garaiko saneamendua eta arazketa, Basabe eta Markijana gehituz, edo Luiaondoko geltokia birmoldatzeko proiektua”, amaitu du Otaolak.

 

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU