Prentsa Aretoa

2023/07/15

EAJ-PNV da benetako boto onuragarria Euskal Taldearen lorpenak eta Lurraldearekin duen konpromisoa ezagutzen dituen Arabarentzat

Andoni Ortuzarrek eta Aitor Estebanek Gasteizen ohartarazi dute autogobernuari eragin zaion higaduraren eta Madrildik datozen asmo birzentralizatzaileen aurka; EAJk baino ez du mehatxu horren kontra egiten

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Madrilen euskal hiritargoarentzako boto onuragarria garela erakutsi dugu. Erabilgarritasuna, eragina, akordioak lortzeko gaitasuna eta Arabarentzat eta Euskadirentzat garrantzitsuak diren gauzak ekartzea. Horregatik ausartzen gara jendeari benetako boto onuragarria eskatzera: onuragarria da euskal herritarrentzat, onuragarria Euskadirentzat, onuragarria ongizate eta aurrerabideko etorkizunerako”. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak esan dituen hitz hauekin itxi du EAJ-PNVk ‘Euskadiren Ahotsa Gira’ izeneko biraren baitan Gasteizko Bastiturri kalean eman duen mitin-jaialdia. Bertan, Ortuzarrek eta Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramaileak EAJ-PNVko diputatu eta senatariek oro har Euskadirentzat eta bereziki Arabarentzat Madrilen lortutakoak zerrendatu dituzte. Lorpenen-zerrenda luze horrek aukera ematen dio alderdi jeltzaleari datorren uztailaren 23an Arabarentzat eta herritarrentzat “benetako boto onuragarri” gisa aurkezteko.

Horren harira, Ortuzarrek ondorengoak aipatu ditu: Ekonomia Ituna luzatzea eta Kupoa berritzea “baliabide ekonomiko gehiago izateko”; pentsioak KPIarekin eguneratzea “pentsiodunen baldintzak hobetzeko”; Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren transferentzia “premia handiena duten pertsonen bizi-duintasuna bermatzeko”; argindarraren eta gasaren prezioa murriztea “familien eta industriaren ordainagiria merkatzeko”; inbertsioak azpiegitura logistikoetarako, abiadura handiko trena iristeko eta Foronda irekitzeko; euskal errepide guztien eskumena; eta obra hidraulikoak  lehen sektoreari laguntzeko. “Ahots propioa eta boto onuragarria Gasteiz, Araba eta Euskadirentzat”, amaitu du buruzagi abertzaleak.

EBBren presidenteak EAJ-PNV osatzen duten pertsonek Arabarekin eta Euskadirekin duten konpromisoa azpimarratu nahi izan du, lurraldeko beste alderdi politiko batzuetako kideen asmo politikoen aurrean. Alderaketa horretan, Ortuzarrek Francisco Javier de Landaburu Fernández de Betoño arabar esanguratsua ekarri du gogora, “gerra, diktadura eta erbestea pairatu zituen belaunaldiaren ordezkaria, egoera hartan ere Euskal Herriaren kausa defendatzen jarraitu zuena”. “Gasteiztik, Landaburuk bere ahots propioarekin hitz egin zuen Euskadirentzat, Europarentzat eta munduarentzat. Adibide bat da, eredu bat, eta guk eredu horri jarraipena ematen diogu gure lanarekin. Demokrazia, autogobernua, askatasuna. Kausa hau defendatzeko, Madrilen ere ahots propioa izan behar dugu. Hitza eta botoa behar ditugu erabakitzeko. Landaburuk Euskal Herriaren kausarekiko konpromiso iraunkorra sinbolizatzen du. Inork ez zien ezer oparitu. Oraingoan ere inork ez digu ezer oparitu. Alderantziz: Almudenak, Mikelek, Aitorrek, Kongresuko Euskal Taldeak eta Senatuak ondo dakite hori. Hemen bizi dira, egunero entzuten dute Gasteiz, Araba eta Euskadiren ahotsa hemen. Eta astero gure ahotsa eta bozgorailua izan dira han. Almudena, Mikel, Aitor hemen bizi dira eta han daude. Horrek esan nahi du ahots propioa izatea: hemen entzutea eta han erantzutea. Non dago Sanchez? Han besterik ez Non dago Feijoo? Han besterik ez. Non dago Maroto? Han, hemendik urrun. Hemen bizi da Gorka, hemen Beatriz, hemen Ramiro, hemen Almudena, Mikel eta Aitor. Ahots propioa eta boto onuragarria. Euzko Alderdi Jeltzalea”, esan du Ortuzarrek.

Amaitzeko, buru abertzaleak Madriletik datozen asmo birzentralizatzaileen aurka egin du berriro. “Urteak daramatzate Autogobernua eta gure Eskubide Historikoak ahuldu eta indargabetu nahirik, gure Ekonomia Itunarekin eta Euskal Erakundeekin daukaten obsesio horrek bultzatuta”. “2020an, Espainiako Gobernuak Estatutua osorik betetzea onartu zuen, baina ez du bete. Ez gara konforme geratuko, Autogobernua delako Euskadiren nazio errealitatearen bermea, Europan dugun ahotsarena; eta ongizatea da, aurrerabidea, bizi kalitatea, aukerak, enplegua. Konpromiso guztiak betetzea exijituko dugu”, ohartarazi du Ortuzarrek. “Beste alderdi guztiak ados daude, egitez edo ez egitez, Euskal autogobernuari jarritako oztopo guztiekin, eman nahi diren atzerapausoekin edo egiten zaizkion mesprezuekin. “Salbuespen bakarra da Euzko Alderdi Jeltzalea. Ahots propioa eta boto onuragarri bakarra”.

Aitor Estebanek, Euskal Taldeko bozeramaileak, bihar Arabako hiriburuan egingo den ironmanari buruz hitz egin du analogia egiteko Madrilgo Euskal Taldeko diputatuek egiten duten lanarekin, euskal herritarren bizitza hobetuko duten inbertsioak eta akordioak lortzeko. "Igeriketako lau kilometroak dira Euskadirentzat zuzendutako emendakinak Estatuko Aurrekontu Orokorretan onartu daitezen nola edo hala lor ditzazun; ostean, pedalei eraginkortasunez ematea eta Estatuko Abokatutzak errepidean botako dituen txintxetekin gurpilik ez zulatzea, politikoki adostutakoa zapuzten saiatzen direlako; eta azkenik, 42 kilometro baino gehiago korrika eginez, indar guztiak eman goi-kargudun politikoak konbentzitzeko zurea dela presazkoa den espedientea”.

Gainera, Bizkaiko hautagai jeltzaleak "Madrilen zure gertuko interesen alde borrokatzeko" EAJk “egia erabiliz egiten duen politika" defendatu du. Horren aurrean, EH Bildu edo Sumar aipatu ditu, “besteen lumak janzten dituztenak” beraien lorpen moduan aipatuz, adibidez, Nafarroako Trafikoaren transferentzia, Aitor Estebanek berak negoziatutakoa, edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarena, aurrekontuen negoziazioan EAJk lortutako akordio baten emaitza. "Inork uste du Madrilek doan ematen dituela? Ez. Beharrizana behar duten neurrian ematen dute. Horregatik da hain garrantzitsua EAJk bere eserlekuak baliarazi ahal izatea. Horregatik, botoa ematen duzunean, pentsa ezazu jokoan duzula lau urtez ea nork defendatuko dituen zure autogobernua, ongizatea, etorkizuna eta eskubideak", amaitu du Estebanek.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU