Prentsa Aretoa

2023/07/17

Urkulluk Makroerregio Atlantikoa sortzea erreklamatu du, Euskadik “erabaki garrantzitsuenetan ahots propioa izan dezan”

Lehendakariak eta Kongresurako Arabako zerrendaburuak, Mikel Legardak, Atlantikoaren inguruko foro hau eratzea eskatu dute Vitoria-Gasteizen, Euskadiri “ongizatean eta enplegu aukeretan aurrera egiteko aukera” emango liokeelako

rss Ezagutzera eman
Urkulluk Makroerregio Atlantikoa sortzea erreklamatu du, Euskadik “erabaki garrantzitsuenetan ahots propioa izan dezan”

ARGAZKIA JAITSI

Iñigo Urkullu lehendakariak Atlantikoko Makroerregio bat eratzea erreklamatu du, “funtsezko” jotzen duelako “Euskadik Europan duen posizioa defendatzen jarraitzera begira” eta “erabaki garrantzitsuetan ahots propioa izan dezan”. Urkullu Vitoria-Gasteizen izan da gaur, EAJ-PNVk Datoko geltokiaren aurrean egin duen ekitaldian, bertara iritsiko baita, hain zuzen, Abiadura Handiko Trena Euskadiko hiriburura. Topaketa berean hitz egin du, baita ere, Kongresurako Arabako zerrendaburu Mikel Legardak, eta bere aldetik aldarrikatu du Europa “sozialki aurreratua, kohesionatua eta ekonomikoki lehiakorra, Euskadik bere ahots propioa izan dezan”.

“Euskadik, Atlantikoaren inguruan bizi garen nazio eta erregioek”, ohartarazi du Urkulluk “Europan protagonismoa galtzeko arriskua bizi dugu egunotan. Ezin gara geratu zuzenean eragiten diguten erabakiak hartzen diren mahaitik kanpo”. Horregatik, Lehendakariak Makroerregio Atlantikoa eratzea erreklamatu du, foro bat non parte hartuko duten “Europako Batasunak, Estatu kideek eta Atlantikoaren inguruan bizi garen komunitateok. Baldintza berdinekin lan egiteko foro bat”. “Ez gara ezer berririk asmatzen ari”, argitu du Urkulluk. “Gaur gaurkoz, lau Makroerregio daude Europan: Baltikoa, Adriatiko-Jonikoa, Danubio ibaiaren ingurukoa eta Alpeetakoa. Bosgarrena izan nahi dugu”. Lehendakariak erantzuna eman nahi izan dio “Zertan laguntzen du Makroerregio batek?” galderari. “Esate baterako, energiaren konexioetan, lotune digitaletan eta trenbideen konexioetan are eragin handiagoa izateko. Ez da onargarria orain arte hitzemandako konpromisoak bete gabe uztea. Ez da serioa. Abiadura Handiko Trena 2030erako amaitzea exijentzia bat da Europan, eta errealitate izan behar du. Asko dugu jokoan. Estatuen interes partikularrak ezin daitezke Europako hiritarren interes orokorren gainetik egon. Sekula ere ez. Makroerregio Atlantikoa Europan indarra irabazteko dugun aukera da, bai eta Euskadin ongizatean eta enplegu aukeretan aurrera egitekoa ere”, amaitu du.

Gasteizko tren geltokiaren ondoan, Legardak Ardatz Atlantikoaren sustapena erreklamatu du: “EAJ-PNVrentzat, Batasunaren erronkak eta aukerak dira gure ahultasunak eta mendekotasunak gainditzeko ditugun erronkak eta aukerak, esparru teknologiko eta digitalean, ingurumenean eta energiaren alorrean egin behar dugun transformazioaren aurrean. Europa sozialki aurreratua nahi dugu, kohesionatua eta ekonomikoki lehiakorra, non Euskadik bere ahots propioa izango duen”, nabarmendu du. Europar proiektua “une esanguratsu batean” dago, esan du Arabako diputatuak. “Europak munduko abangoardia izaten jarraitu nahi  badu, bere integrazioan sakondu beharko du, bai eta hiritarrenganako are hurbiltasun handiago batean ere, alderdi bateko zein besteko populismoei aurre eginez, inguruan dugun testuinguru nahasia baliatzen baitute demokrazia deslegitimatzeko, jendearen artean beldurra zabaltzeko eta Europako proiektuaren izen ona zikintzeko”, adierazi du.

Igandeko hauteskundeei begira, Arabako diputatu eta berraukeratzera aurkezten den hautagaiak ziurtatu duenez “Arabaren ahotsa eta Euskadiren ahotsa Kongresuan ez da izango ez Sánchezena ezta Feijóorena ere: hauek biak beren gauzetara egongo dira. Beren erabakiguneak edo beren interesak Madrilen dituzten alderdietako kideena ere ez da izango, ezta beren burua independentista deitu arren ezkerreko ideologia gure autogobernuaren gainetik jartzen dutenena ere”. EAJ-PNVk Kongresuan 105 urte daramatzala gogoratu ondoren Legardak ondorengoarekin amaitu du bere diskurtsoa “sekula ez dugu huts egin. Horregatik, legitimatuta sentitzen gara hiritargoari, berriz ere, bere konfiantza eskatzeko. Eman diguten guztietan, guk kontuak eman ditugu”.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU