Prentsa Aretoa
2023/11/08
Lehendakariak profesionalen konpromisoa, inplikazioa eta ahalegina balioetsi ditu Osakidetzaren 40. urteurrenean
Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, Iñigo Urkullu lehendakariak Osakidetzaren 40. Urteurrena ospatzeko ekitaldiaren buru izan da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian
Iñigo Urkullu Lehendakariak Osakidetzaren 40. urteurrena ospatzeko Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egindako ekitaldian nabarmendu du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Euskadiko zerbitzu publikoen oinarri sendoa eta funtsezkoa dela. "Osakidetza herrialde baten nahitik sortu zen. Euskal herritarren anbiziotik. Gure beharrei erantzungo zieten zerbitzu publikoak izateko ametsetik. Gaur, 40 urte geroago, esan dezakegu asmo hura egia bihurtu dela".
Jardunaldiak 600 pertsona baino gehiago bildu ditu, besteak beste, sailburu ohiak, zuzendari ohiak, agintariak (gobernuko, legebiltzarreko, aldundietako eta udaletxeetako ordezkariak) eta Osakidetzako profesionalak. Jardunaldiaren helburua Osakidetza zer izan den, zer den eta zer izan nahi duen balioestea izan da. Horretarako, egindako bidearen balantzea egin da, lau hamarkada hauetan sailburu, zuzendari eta Osakidetzako langile izan direnen eskutik Gainera, ekitaldian Osakidetzako profesionalek egindako proiektu berritzaile eta hobekuntza-ideia onenak aurkeztu dira, erakundearen oraingo eta etorkizuneko jardueraren erakusgarri gisa.
Lehendakariak Osakidetzak herritarren osasunaren kudeaketan izango dituen erronkak azaldu ditu bere hitzaldian. "Osakidetza eskakizun berriei erantzuteko egokitzeko erronkari egin behar diogu aurre. Egingo dugu. Pausoz pauso lortuko dugu, gure nahia zerbitzu publiko unibertsala eta kalitatezkoa izaten jarraitzea baita ". Ildo horretan, Urkulluk adierazi duenez, "argi dugu gure gizartearen helburua: Osakidetza munduko osasun-zerbitzu publiko onenetakoa izaten jarraitzea. Egunez egun lanean jarraituko dugu hori lortzeko.”
Gainera, gaur egun Osakidetza posible egin duten milaka langileen ahalegina eta lana nabarmendu ditu. “Gaur, lau hamarkadetan zehar egindako esfortzua eskertzen dizuegu. Zuen konpromisorik gabe amets hau ez zen errealitatea izango. Euskal gizartearen izenean: Eskerrik asko, bihotz-bihotzez!”
Bestalde, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Erakundeko profesionalak ere aipatu ditu aitortza ekitaldian, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erreferentziazko osasun-sistema moduan finkatu duten mugarri handiak lortzeko funtsezko pieza gisa. "Nondik gatozen, non gauden eta non finkatzen dugun gure etorkizuna. Horrek biltzen gaitu gaur".
Sagarduik Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren sorreraren momentu historikoa gogorarazi eta erakundeak hasieratik izan zuen giza kapitalaren balioa azpimarratu du. "Milaka eta milaka pertsona zarete erakunde honetan zuen bizitzako denbora beste pertsona batzuk zaintzen eman duzuenak. Hemen gaude gaur, Gasteizen, Osakidetza formalki sortu zen lekuan, beste pertsona askoren ordezkari gisa, gure esker ona eta errekonozimendua helarazi nahian".
"Izan ere, Osakidetza -gaineratu du- osasun publikoko zerbitzua da, zerbitzu unibertsala ematen duena, eta gure ongizate-ereduaren muinetako bat izan zen, da eta izango da.”
Osakidetzako asistentzia-sanitarioko jardunbide onenen eta hobetzeko ideien erakusketa
Aintzatespen-ekitaldi instituzionalaren ondoren, jardunaldiaren bigarren zatian Osakidetzako langileak izan dira protagonista, eta asistentzia sanitarioko praktikarik onenak aurkeztu dituzte, Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan gaur egun egiten ari diren ekimen eta esperientzia berritzaileen ikuspegia lortzeko balio izan dutenak. Gainera, hobekuntzarako ideiarik onenak ere aurkeztu dira, Parte Hartu proiektuaren bidez (Osakidetzan hobetzeko iradokizunak eta ideiak hautatzeko proiektu korporatiboa).
Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiak amaiera eman dio Osakidetzaren 40. urteurrena ospatzeko jardunaldiari. Eskerrak luzatu dizkie Osakidetzak 40 urte ospatzea ahalbidetu duten langile, kudeatzaile, Osakidetzako arduradun, Eusko Jaurlaritza eta herritar guztiei, izandako konfiantzagatik eta laguntzagatik.
Jardunaldiaren itxiera Kantakidetza Abesbatzaren esku egon da, 10 urteko ibilbidea duena eta Gipuzkoako osasun publikoko langileek osatuta dagoena.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09