Prentsa Aretoa

2024/02/05

Sabin Etxean egin da gaur arratsaldean Energia trantsizioari eta klima aldaketari buruzko Lege proiektuaren inguruko bilera

Erakunde guztietako ehun bat ordezkari jeltzalek parte hartu dute gaur Euzkadi Buru Batzarrak antolatutako topaketan, Lurraldearen Antolamendu, Garraio eta Garapen Iraunkorreko Arloaren burukide arduradun María Eugenia Arrizabalaga; Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia; eta Unai Grajales legebiltzarkide eta Eusko Legebiltzarrak datorren ostegunean onetsiko duen legearen izapide prozesuan txostengile izan denaren gidaritzapean

rss Ezagutzera eman
Sabin Etxean egin da gaur arratsaldean Energia trantsizioari eta klima aldaketari buruzko Lege proiektuaren inguruko bilera

ARGAZKIA JAITSI

Klimaren kontrako borroka eta eredu energetiko berri baterako trantsizioa dira Europaren eta Euskadiren etorkizunerako erronka estrategikoa. Horretaz jabetuta, EAJ-PNVk Energia trantsizioari eta klima aldaketari buruzko Legea sustatu du, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren eskutik. Lege hau aste honetako ostegunean onetsiko da Eusko Legebiltzarrean taldeen gehiengo handi batez. Legearen onarpena bera, bai eta edukia eta izango dituen ondorioak ere, partekatu nahi izan ditu gaur Euzkadi Buru Batzarrak erakunde guztietako ehun bat ordezkari jeltzalerekin (udalak, mankomunitateak, Eudel, aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra…). Ordezkari hauek Sabin Etxera etorri dira gaur lege berriaren inguruko lanketa egitera. Topaketan parte hartu dute Lurraldearen Antolamendu, Garraio eta Garapen Iraunkorreko Arloaren burukide arduradun María Eugenia Arrizabalaga; Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia; eta Unai Grajales legebiltzarkide eta Gasteizko ganberan Lege honen ardura daramana. Gaurko jardunaldiaren helburua izan da EAJ-PNVk erakundeetan dituen arduradun eta ordezkariei Legearen edukiak eta helburuez informatzea eta proiektuaren aurkezpena egitea, eta oso bereziki udal esparruan lege honek izango duen aplikazioari eta ekarriko dituen ondorioei dagokienez.

Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko lege honek babes handia jasoko du Eusko Legebiltzarrean EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu alderdien artean adostu den akordioari esker. Akordio honen bertute nagusienetakoa da kontsentsu politiko zabala ahalbidetuko duela, azpiegitura energetikoen garapenean eman daitezkeen zailtasunei erantzuten lagunduko baitu. Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Lege bat onetsi ahal izatea da Iñigo Urkulluk legealdi honetarako ezarri zuen helburua, eta beteta egongo da ostegunean. Beraz, Euskadi lerrokatuta egongo da arlo honetan nazioartean diren araudiekin, bai eta 2019ko Larrialdi Energetikoaren Adierazpen Instituzionalarekin batera, zeina urte horretan Lehendakariak izenpetu baitzuen. 2019an Legebiltzarrean onartutako Euskadiko Jasangarritasun Energetikoaren Legearekin batera, arau berri honek esparru juridiko egonkorra eskainiko du 2050erako neutraltasun klimatikoaren helburua lortzeko. Euskaditik berotze globalaren aurka borrokatzeko tresna nagusia izango da.

Arau honek ekintza zehatzak jasotzen ditu. Herrigintzaren esparruan, urrunago joan gabe, ahalmenak emango dizkie Ingurumeneko Aholku Batzordeari eta Ingurumenaren Herritarren Batzarrari; Batzorde Zientifiko baten sorrera sustatuko du; eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa bultzatuko du. Era berean, Euskadin berotegi-efektuko gasak murrizteko, energia-eraginkortasuna handitzeko edo energia berriztagarriak ugaritzeko Legeak ezarritako helburuak eta konpromisoak jasotzen ditu. Era berean, energia berriztagarriak bultzatzeko neurriak jaso dira, bai eta hauek eskuragarri egon daitezela enpresentzat eta hiritarrentzat, komunitateentzat, kooperatibentzat eta abarrentzat.

Finantzaketari dagokionez, energia berriztagarrien kanona sortzea adostu da, zeina 2025eko urtarrilaren 1ean aplikatuko baita eta instalazio fotovoltaikoei eta aerosorgailuei modu desberdinean eragingo baitie. Legebiltzarrean adostu den akordioak era berean ezarri du horrelako instalazioak sustatzen dituztenek instalazio horien % 20, gutxienez, instalatzen diren udalerriei (edo mugakideei) eskaini beharra. Energiaren eta klimaren ikuspegia Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu publikoetan ere jasoko da, horrelako ekimenetara Kontuen % 2,5 bideratzeko konpromisoa hartuko baita. Horrela, euskal sektore sozioekonomiko guztietan energia-trantsizioa erabiliz deskarbonizazio-prozesua bultzatzeko beste urratsa emango da, garapen ekonomikoa, enpleguaren kalitatea eta gizarte osoaren ongizatea indartuz, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik iraunkorra eta inklusiboa den garapen-eredu bat ezartzeko bidean.

Legearen idazketa prozesuan EAJ-PNVk esfortzu bat egin du trantsizio energetikoa eta garapen ekonomikoa uztartzeko. Hala, deskarbonizazio prozesua bultzatzeari ekin zaio trantsizio energetikoa euskal sektore sozioekonomiko guztietan baliatuz, ekonomiaren garapena sustatuz, bai eta enpleguaren kalitatea eta gizarte osoaren ongizatea ere, garapen jasangarri eta inklusiborako eredu baten barruan ingurumenaren, gizartearen zein ekonomiaren ikuspuntutik