Prentsa Aretoa
2024/03/10
A-21era begira Euskadiren eraikuntzan azken 40 urteetan “batzuek eta besteek” egindako lana neurtzeko deia egin die Ortuzarrek gazteei
EBBren burua Langraizen izan da gaur Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan EAJk Añanako Kuadrillatik aurkeztuko dituen hautagaiak aurkezteko ekitaldian, eta bertan berretsi du EAJ-PNVk euskal nekazariekin “hemen, Madrilen eta Bruselan” daukan konpromisoa
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren buruak euskal gazteria animatu nahi du apirilaren 21era begira 1980ean Euskadin egin ziren lehen hauteskundeetatik hona EAJ-PNVk, alde batetik, eta Ezker Abertzaleak, bestetik, Euskadiren eraikuntzan egin duten lana neurtzera. “Euskal emakume eta gizon gazteek jakin behar dute nondik gatozen, hauteskundeetara aurkezten garenongandik zer espero dezaketen jakiteko: jakin behar dute zein garen 40 urtetan herri honetako erakundeak eraikitzen aritu izan garenok, Ikurrina legalizatzea zeinek lortu zuen, ikastolekin euskara berreskuratzea eta doako eta kalitatezko hezkuntza sistema izatea, bai eta Osakidetza, Ekonomia Ituna, Ertzaintza, Diru sarrerak bermatzeko errenta… Eta, beste aldetik, zein izan ziren Herri honi sua ematen aritu zirenak, erakundeen kontrako boikota ezartzen, edozein aurrerapausoren kontra jartzen, “dena edo ezer ere ez” jokoa jokatzen… azken emaitza ezer ere ez izan ohi zelarik”, esan du abertzaleen buruak Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan EAJk Añanako Kuadrillatik aurkeztuko duen hautagaitza ezagutarazteko ekitaldian, Langraizeko Administrazio Batzarreko erabilera anitzeko aretoan. Ortuzarrez gain, alderdikide jeltzaleekin egin den topaketan hitza hartu dute Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendaburuak, Javier Gallego Erriberagoitiko alkateak eta Txaro Romero Iruña Okako zinegotziak. Diez Antxustegiren esanetan, apirilaren 21ean "bi herri ereduren artean aukeratu beharko da, bi egiteko modu, bi izateko modu. Eta EAJ-PNV Euskadiren zerbitzura dago".
Ortuzarrek ziurtatu duenez “gazteek argi eta garbi izan behar dute hemen alderdi bat dagoela, Euzko Alderdi Jeltzalea, gauzak egiten dakiena; eta, bestetik, balizko alternatiba bat dagoela ezinezkoak agintzen dituena, baina Herri honen alde gauza onik egin ez duena”. Bitartean “EAJren abala dira azken berrogei urteak” eta Ezker Abertzaleari dagokionez, “Beren ibilbide okerra baino ez dute. Eta ezkutatu nahian dabiltza orain. Guk hitz egin ahal dugu Euskadiren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz… eta besteek etorkizunaz baino ez dute hitz egiten, iraganaz lotsatzen direlako eta orain aldian zer egin behar duten ez dakitelako. Guk bai: iragana, oraina eta, batez ere, Herri honen etorkizuna”, esan du jeltzaleen buruak.
Ortuzarrek gaurko aukera baliatu du lehen sektoreak egun daukan egoera latza gogora ekartzera. Buru jeltzaleak adierazi duenez “Euskadiko lehen sektorea lehentasun izan da, da eta izango da EAJrentzat. Hamarkadatan erakutsi dugu hori, politika ausart eta irudimentsuak aurrera eramanez. Oraingo honetan berriz egitea dagokigu”. Aldi berean aitortu du baserritarrek eta nekazariek “arrazoia dutela” aldarrikatzen dituzten hainbat kontutan. Horregatik, Ortuzarrek gaur berretsi nahi izan du EAJ-PNVk baserritarrekin, nekazariekin eta euskal landa inguruko jendearekin hitzemanda daukan konpromisoa. “Jakin dakit zertaz ari diren eta zertaz kexatzen diren. Artzain nuen aitaita, esne saltzaile ama, eta nire familian oraindik badaude esnetarako behiekin ari direnak. Eta bai, konpromisoa gure baserritarrekin, nekazariekin, euskal landa inguruko jendearekin. Badakit gorriak ikusten ari direla. Eta esan nahi diet EAJk defendatu egingo dituela, hemen, Madrilen eta Bruselan. Ahal dugun guztia egingo dugu. Gauza batzuk mugitzen ari dira aldundietatik eta Eusko Jaurlaritzatik; eta, behar bada, gehiago egin beharko da. Mahai gainean jarri beharrekoa jartzeko sasoia da hau”, ziurtatu du.
Bestalde, Joseba Diez Antxustegi Arabako EAJren zerrendaburuak apirilaren 21ean "jokoan dagoena" azpimarratu du. "Ez dago jokoan nork egiten duen, nola egiten den baizik. Eta bi ereduen artean aukeratu beharko dugu. Ez bakarrik bi alderdiren artean edo bi siglen artean: bi herri ereduren artean aukeratu beharko dugu. Bi egiteko modu. Izateko bi modu". Ildo horretan, "Euskadiren zerbitzura dagoen" EAJren eredua defendatu du Diez Antxustegik. "Hemen gaude indarberrituta eta argi eta garbi eta konplexurik gabe hitz egiteko prest. Benetako arazoei benetako irtenbideak emateko prest eta. Gure herriaren etorkizuna daukagulako jokoan", gaineratu du.
Añanako Kuadrillaren izenean, Txaro Romero eta Javier Gallego hautagaiek ongietorria eman diete ekitaldira bertaratu diren guztiei. Iruña Okako Udaleko zinegotziak eta Erriberagoitiko alkateak Añanako Kuadrillaren ahotsa Eusko Legebiltzarrera eramateko konpromisoa hartu dute. "Norabide egokian goazen arren, gauzak hobetzeko asmoarekin lan egiten dugu guztiok aukera berdinak eta bizi kalitate bera izan ditzagun Euskadi deitzen dugun proiektu handi honen barruan", aldarrikatu du Javier Gallegok.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09