Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2024/06/01

EAJ-PNVk gutxiengo nazionaletako eurodiputatuen aliantza dinamizatuko du Europar Batasunean euskara defendatzeko

Oihane Agirregoitia, Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNVko zerrendaburua, Kursaalen izan da gaur zinema, kultura eta euskara uztartu dituen ekitaldian, eta euskaraz eginiko ekimen kulturalak bultzatzeko konpromisoa iragarri du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Oihane Agirregoitiak, EAJ-PNVk eta CEUS Koalizioak Europako Hauteskundeetarako aurkezten duen zerrendako buruak, gaur hitzeman du gutxiengo nazionaletako eurodiputatuen eta hizkuntza gutxituetako hiztunen arteko aliantza dinamizatzeko asmoa duela, Bruselan eta Estrasburgon euskararen ofizialtasuna eta Europar Batasunean bere presentzia defendatuko duten ekimenak koordinatzera begira. Agirregoitiak Donostiako Kursaalean, urtero Zinemaldia egin ohi den tokian, euskaraz filmatu diren eta nazioartean ospe handia lortu duten pelikulen kartelak erakutsi diren ekitaldi bitxian parte hartu du gaur goizean. Euskarazko kultur ekimenen ekoizpena bultzatzea eta ‘Europa Sortzailea’ programaren deialdietarako sarbidea ahalbidetzea EAJ-PNVren hauteskunde-programan jasotako konpromiso nagusietako bat da.

Agirregoitiak Europako erakundeek gaur egun euskarari ematen dioten aitorpen sinbolikotik benetako onarpenera eboluzionatzea nahi du. Hori lortzeko proposamenen artean daude ‘Europa Sortzailea’ programan euskal kultura-industriari aurrekontuetan laguntzea eta Batasuneko Zuzenbide Estatuaren kalitateari buruzko Europako txostenetan euskaldunen hizkuntza-eskubideak defendatzea. EBn 50 milioi dira beren burua Estaturik gabeko Nazio bateko kide deklaratzen dutenak edo Europan ofiziala ez den hizkuntza bat hitz egiten dutenak. Horrek bide eman die Oihane Agirregoitiari eta EAJ-PNVri Europako erakundeei exijitzeko behingoz gaindi dezatela Europako erakundeek gure aniztasunaren adierazpen honi gaur eskaintzen dioten aitorpen sinbolikoa. “Gure konpromisoa da datozen bost urteetan euskara aitortua izan dadila Europako estatu kideetako aniztasunaren barruan. Horrela hobeto beteko dugu ‘Aniztasunean Batuta’ goiburua”. Hori lortzeko, Agirregoitiak lan egingo du ‘Erasmus’ programetan euskarazko eskaintzak sartzeko; “lan egingo dugu euskara EBko hizkuntza plataformetan egon dadin; ‘Europa Sortzailea’ programarako euskal antena bat nahi dugu, filmak ‘Oscar’ sarien atariraino eramateko gai izango den industria kulturala babestuz; Europako albisteak euskaraz emango dituen albistegia nahi dugu, beren hizkuntzan bizi nahi duten hiritarrei Europako gaiak hurbilduz”. Proposamen horiek guztiak beharrezkoak dira “gure herriak bere kulturarekin Europari egiten dion ekarpena babesteko eta zabaltzeko. Balioa sortzeko, interesa pizteko eta erakartzeko ahalmena erakutsi duen kultura baita”, adierazi du hautagai jeltzaleak.

Helburu horiek lortzera begira, Agirregoitiak gaur hitzeman du “nazio- eta hizkuntza-gutxiengoetako eurodiputatuen aliantza” babestea “ekarren arteko lankidetzaren bidez proposamen hauek parlamentuko ekimen bihurtzeko. Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunak hizkuntza edo nazionalitatea dela-eta ezartzen duen diskriminazio-debekuak euskal kultura eta euskara barne hartzea eskatuko dugu. Halaber, lan egingo dugu Parlamentuak Batasuneko Zuzenbide Estatuaren kalitateaz urtero egin ohi dituen txostenetan gure eskubideak zaindu eta monitorizatu daitezen. Jokoan daude Europako hiritar askoren funtsezko eskubideak. Horiek babestea ere bada Europar Batasun osoan demokrazia hobetzea”, amaitu du.

Next Euskadi
Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU