Prentsa Aretoa

2024/06/02

Ortuzarrek Feijóori gogoratu dio Euskadin Euzko Alderdi Jeltzalea PP baino lau aldiz handiagoa dela: “Espainian Vox-en eskutik doaz eta Europan keinuak egiten dizkiote ultraeskuinari: ez dute ezer ikasi”

Euzkadi Buru Batzarraren buruak gaur goizean hartu du hitza Agurainen egin den ekitaldian, bertan ere izan direlarik CEUS koalizioaren zerrendaburu Oihane Agirregoitia eta Arabako hautagai Rakel Molina. Hizlari guztiek oso presente izan dute Euskadiko lehen sektorea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek Aguraingo ekitaldi politikoan erantzuna eman nahi izan dio Partido Popularraren presidente Alberto Núñez Feijóori, Euskadira eginiko  bisita arin batean esan baitzuen EAJ-PNVri bozkatzea galtzaileen alde egitea dela: “Mundua aldrebes”, esan du Ortuzarrek. “Euskadin EAJk baino ia lau aldiz babes gutxiago duen alderdiko burua da gure herrian irabazle edo galtzaile nor den esaten duena. Erabat galduta dago. "Manda carallo", bere herrian esango luketen bezala. Oraindik ari da sufritzen inbestidurari ez esan geniolako Vox-en eskutik zihoalako. Eta ez dute ikasi. Espainian Vox alderdiarekin bat egiteaz gain, orain Europan ere ez diote muzin egiten ultraeskuinarekin bat egiteari. Eta horiek lezioak eman nahi dizkigute, nori eta ehun urte baino gehiagoko historia europazalea duen alderdi bati?”, galdetu du jeltzaleen buruak Arabako Lautadaren bihotzean egin den ekitaldian. Gaur goizekoan Ortuzarrez gain hartu dute hitza EAJ-PNVren eta CEUS Koalizioaren zerrendaburu Oihane Agirregoitiak eta Rakel Molina Arabako  hautagaiak. Agirregoitia berriro eskatu du eskualdeko PERTEak autonomia-erkidegoetara bideratzea. Molinak bere aldetik gogoratu duenez “digitalizazioaren garaian gaude, eta erabat funtsezkoa da Europaren eraldaketarako”.

PPri erantzuteaz gain, Ortuzarrek balioan jarri nahi izan du Bruselan euskal ahotsa izatearen garrantzia. Hala, bere poztasuna adierazi du  Izaskun Bilbao Barandica, gaurko ekitaldian ondoan izan duena, azken legealdian izan delako “espainiar estatu osoan txosten legegile gehienen negoziaketan parte hartu duena, 63 hain zuzen, zerrendako bigarrenarengandik distantzia handi batera" eta Pernando Barrena EH Bilduko hautagaiarengandik, "distantzia sideralera”. “Bilbao Barandicak askotariko negoziaketak lideratu ditu:  automozio edo trenen industriako gaiak, garraio eta energia alorrekoak, gure arrantza eta nekazaritza sektorerako ekimenak, Mercedesen egiten diren furgoneten isurketen Gaia, Michelin lantegiak egiten  dituen gurpilen fabrikaziokoak… bai eta hemendik oso hurbil, Galarretan, egiten den gaztaren kalitatearen inguruan. Eta horietako askotan Izaskunek lortu du Euskadiren ahotsa Europako lege bihurtzea”, aldarrikatu du. “Aste honetan, Europako Nazioen Batasun Federalak  euskara moduko hizkuntzak Europan defendatzeko egin duen kanpainan, Izaskun Bilbao Barandica Euskadiko ahotsa zela ikustean, ez naiz bat ere harritu. Han ez daude ez Pernando Barrena ez eta  Bildu, han ez dago  Euskadiko beste diputaturik. Han dago Izaskun Bilbao Barandica, han dago EAJ-PNV, Europan euskara defendatzen”, esan du.

Azkenik, Ortuzarrek  Arabako Lautadan luzatu nahi izan du “Euskadiko lehen sektoreari zuzendutako mezua, baserritarrentzat, nekazari eta abeltzainentzat, bai eta arrantzaleentzat ere: EAJk orain arte bezala jarraituko du guztiak defendatzen, hemen eta han, Euskadin eta Europan. Egun konplikatuak datoz mugan. Berriro ere nekazal sektorearen protestak, erabat ulertzen ditugunak. Horregatik, gure konpromisoa da konpontzen saiatzea. Konfiantza eskatzen dizuet. EAJ zuen ondoan dago. Eta laster, sektore osoarentzat albiste onak esateko moduan egongo gara”, amaitu du.

Oihane Agirregoitia EAJ-PNVren Europako Hauteskundeetarako hautagaiak Europako Funtsak izan ditu hizpide gaur Agurainen. Zerrendaburu jeltzaleak berriro eskatu du eskualdeko PERTEak autonomia-erkidegoetara bideratzea: "Europako herrien kontzeptu historiko horretatik abiatuta eraikiko den Europa batean sinesten dugu, ez estatuetatik. Gure lurraldea ondoen ezagutzen dugunak gara, eta proiektuak benetan eraldatzaileak izatea lortu dezakegu”, esan du. Agirregoitiak azaldu duenez, PERTE-entzat eskuragarri dauden 24.500 milioi euroetatik, Espainiako Gobernuak 6.350 banatu ditu hiru urte hauetan, eta "zifra horiek asko hobetu daitezke. Eta badakigu nola hobetuko liratekeen". Horregatik, Bruselatik lan egiteko konpromisoa hartu du, Izaskun Bilbaok eta Kongresuko eta Senatuko Euskal Taldeak bezala, "ekonomia, gizartea eta ingurumena eraldatzeko aukera ahalik eta gehien aprobetxatzeko". "Eraldaketa ekonomikoaren aldeko apustua egiten dugu, pertsonen ongizatea erdigunean jarriz", amaitu du.

Rakel Molina Arabako hautagaiak  bere aldetik gogora ekarri duenez, "digitalizazioaren garaian gaude, eta funtsezkoa da Europa eraldatzeko". "Hain azkar eboluzionatzen ari den mundu honetan -adierazi du- herritarrek modu zuzen eta seguruan moldatu behar dute, teknologiek gure bizitza errazten dutelako, baina erabiltzen jakin behar dugu". Era berean, "zibersegurtasun estrategia sendo bat garatzeko" beharra azpimarratu du, eta gogorarazi du EAJ-PNVk Europako hauteskunde-programan arreta berezia eskaintzen diela gizarte-segurantzako sistemen digitalizazioa bultzatzeari, jokabide digitaletan herritarrak alfabetatzeko programei, teknologiaren arloan autonomia estrategiko handiagoa sustatzeari eta herritarren eskubideak babesteari eta Europako estandar digitalak sortzeari. "Munduarekin konektatuta jarraitu nahi badugu, errealitatearekin konektatuta, Europaren aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu. Eta hori EAJ bozkatuz baino ez da lortuko".

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU