Prentsa Aretoa
2024/06/06
EAJ-PNVk herritarrak animatuz aldarrikatu du igandean "ezinbestekoa" dela botoa ematea, jokoan baitago beren etorkizuna "udal eta foru zein Euskadiko eta Estatuko hauteskundeetan bezala"
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak, Rakel Molina hautagai arabarrak eta Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatu jeltzaleak gaur arratsaldean Gasteizko Probintzia Plazan EAJk egin duen ekitaldi politikoan hitz egin dute, Europako Hauteskundeetarako kanpainaren barruan
Rakel Molina - Ekitaldi politikoa Gasteiz
MINTZALDIA - 2024/06/06Izaskun Bilbao Barandica - Ekitaldi politikoa Gasteiz
MINTZALDIA - 2024/06/06Iñigo Urkullu - Ekitaldi politikoa Gasteiz
MINTZALDIA - 2024/06/06Andoni Ortuzar - Ekitaldi politikoa Gasteiz
MINTZALDIA - 2024/06/06
“Euskal gizarteak argi izan behar du igandean jokoan dagoen guztia. Hitz bitan: bere etorkizuna. Udal eta Foru hauteskundeetan zein Euskadiko eta Estatuko hauteskundeetan bezala. Hauteskunde garrantzitsuak izango dira gutako bakoitzarentzat, bai eta Euskadik Europan izango duen etorkizunerako ere. Horregatik joan behar da botoa ematera, ezinbestean, derrigorrez. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren buruaren ahotik, hauxe izan da gaur arratsaldean Vitoria-Gasteizko Probintzia Plazan EAJk egin duen ekitaldi politikoan zabaldu duen mezua. Mitin berean hartu dute hitza Iñigo Urkullu Lehendakariak, Rakel Molina Arabako hautagaiak eta Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatu jeltzaleak. Urkulluk aldarrikatu du Euskadiren ahotsa errespetatzen dela, “konfiantza eragiten dugu Europan. Honen guztiaren arrazoia da Euskadiren jarrera, konpromisoa eta lan ona ondo ezagunak direla. xxx. Molinak herritarrei ohartarazi nahi izan die “beste bandoan egon direnak” aipatuz, “orain baietzaren alde egiten dutelako eta gure tokia hartu nahi dutelako, baina ez dute lortuko EAJ-PNV bakarra delako, eta gure eredua, ezin da kopiatu ezta okupatu ere”. Mezu berbera luzatu du Bilbao Barandicak, bere hitzaldian gaineratu baitu EAJ-PNV dela “ekaitzari” aurre egiten dion “antizikloia”.
“Igandean bozkatu, zertarako?”. Europako Hauteskundeen aurrean euskal hiritargoaren parte handi batek bere buruari egiten dion galderaren aurrean, Ortuzarrek argi baino argiago erantzun du. “Gure gauzak, Euskadiren interesak, ondo defendatuak izan daitezen. Baina baita Europa hobea eta indartsuagoa eraikitzeko ere, bidezkoagoa eta irekiagoa, munduan boteretsuagoa”, esan du. Buru abertzaleak beste behin aldarrikatu du EAJ-PNV dela, egiten dituen ekitaldietan, euskal herritarrengan eragin zuzena duten gaiak jorratzen dituen alderdi politiko bakarra: osasun mentala, eredu soziala, digitalizazioa, zibersegurtasuna, berrindustrializazioa, nekazaritza, arrantza, garraioa eta mugikortasuna, Erasmus, berdintasuna… Bien bitartean beste batzuek ultraeskuinaren mehatxua gora eta ultraeskuinaren mehatxua behera. Baina halako arriskua ere badago “ultraezkerreko posizioetatik”, ohartarazi du Ortuzarrek. “Ultraezkerreko alderdi gehienek partekatzen dute ultraeskuinaren antieuropeismoa: Guk ez ditugu nahi ez Milei ezta Maduro ere. Ez ditugu nahi ez Orban ez Putin. Txanpon baten alde biak dira, zaku berean sartzen ditugu. Besteek alderdi bakar bati baino ez diote begiratzen. Guk biak ikus ditzakegu. Europak ez ditu behar, munduak ez ditu behar”, esan du. Ortuzarrek ospatu du gaur bertan jakin dela urrats berriak eman direla euskara ofiziala izan dadin Europan. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak euskararen egungo egoerari buruzko txosten bat igorri du azken asteetan; bestetik, eskaera formal bat planteatu du, Europar Batasunak IATE Euskalterm euskararen datu terminologikoen bankuarekin lotu dezan. “Pentsatuko duzue datu teknikoak direla edo bi urrats txiki direla, baina bi urrats on dira, norabide onean. Eta, urrats horiek EAJk eman ditu Eusko Jaurlaritzatik, Europarako Euskal Agenda daukagun bakarrak garelako”, aldarrikatu du jeltzaleen buruak.
Lehendakariak bere aldetik nabarmendu duenez “baloredun europar gizartean sinesten dugu, gizarte inplikatu eta konpromisoduna. Ez dugu sinisten materialismoak, indibidualismoak eta norberekeriak garaitzen duten gizartean”. Eta gaineratu duenez: “ez dago aurrerabiderik erantzukizun pertsonalik gabe, erantzukidetasun zibiko eta politikorik gabe. Hori da europar proiektuaren arima”. Era berean aldarrikatu du Euskadik Europan duen zeregin aktiboa: “Gure ahotsa errespetatzen da, konfiantza eragiten dugu Europan. Honen guztiaren arrazoia da Euskadiren jarrera, konpromisoa eta lan ona ondo ezagunak direla. Hau da gure ibilbidea, hori da naziogintza”, ziurtatu du “horregatik eta horretarako eskatzen diogu gizarteari domekan botoa eman dezala”.
Rakel Molina Arabako hautagaiak alderdi jeltzalearen izaera europazalea gogorarazi du. “EAJ-PNVk hasieratik parte hartu zuen gaur egun ezagutzen dugun Europaren sorreran. Eta orain, une erabakigarrian gaudenez, hor jarraituko du. Izan ere, EAJ Bruselan ez badago, inork ez du Euskadi defendatuko”. Halaber, erreferentzia egin dio beste alderdi politiko batzuek Europaren aurrean izan duten jarrerari, “beti beste aldean egon direnak, orain baiezkora pasatzen direnak eta gure lekua hartu nahi dutenak, baina ez dute lortuko, EAJ-PNV bakarra delako, eta gure eredua, ez da kopiatzen, ezta okupatzen”. “EAJk ez du alderdiz edo diskurtsoz aldatu behar, beti egon delako egon behar zuen tokian: koherentziaren, demokraziaren, bakearen, giza eskubideen defentsaren, justizia sozialaren, elkartasunaren eta Europa indartsu baten eraikuntzaren alde”, baieztatu du, “harro esan dezakegu gure zerumuga zuri-gorri-berdea dela”, gaineratu du.
Izaskun Bilbao Barandicak bere aldetik gogoratu du Francisco Javier Landaburu arabarrak europar federalismoaren teorizazioari egin zion ekarpena, ‘La causa del Pueblo Vasco’ lanaren lehen edizioa erakutsiz. Ondoren, Legebiltzarrean eman dituen hamabost urteen balantze laburra egin du, eta Oihane Agirregoitiaren figura aipatu du, EAJ-PNVren hautagaitzak iragana, oraina eta etorkizuna dituela esateko. Jeltzaleak beti historiaren eta balioen alde egokian egon direla adierazi du, eta mota guztietako estremismoek polarizazioa bultzatzen dutela, eztabaida politikoa antzutzen dutela eta, azken finean, sistema eta demokrazia bera gutxiesten laguntzen dutela salatu du. “Ekaitzari aurre egiteko, esan du, antizikloia. EAJ eredua. Jendeak eskatzen duenari erantzuteko beste modu bat: elkarrizketa, negoziazioa eta akordioak deskalifikazioen, irainen eta nahasmenduaren aurrean. Antizikloi hori modan jarriko dugu igandean, hautestontziak boto zuri-gorri-berdeekin betez. EAJ-PNVri emandako botoak. Boto horiei esker, beste etapa bat hasiko dugu, Euskadik bere izarra izan dezan Europako banderan”, azpimarratu du.
Bideo erlazionatuak...
Europako Legebiltzarra
2024/06/06
Europako Legebiltzarra
2024/06/06
Europako Legebiltzarra
2024/06/06
Europako Legebiltzarra
2024/06/06
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
ABB
2023/03/28
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25