Prentsa Aretoa

2025/03/29

Euskal gizartearekiko konpromisoa berretsi du EAJ-PNVk "Ongizatearen Euskadi eraikitzen jarraitzera begira"

Unai Rementeriak, 'Aberri oparoagoa eraikitzea askeago izateko' agiriaren koordinatzaileak gaur aurkeztu du talde jeltzalearen ibilbide orria, zerbitzu publikoen eta jarduketa sozioekonomikoaren alorrean herritarren zerbitzura dagoen tresna izaten jarraitzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren Batzar Nagusia, Donostiako Atano III pilotalekuan egin duen bileran, euskal gizartearekiko konpromisoa berretsi du gaur, talde jeltzalea orain arte bezala izan dadin ongizatearen Euskadi eraikitzeko tresna. Eta egin du ‘Aberri oparoagoa eraikitzea askeago izateko’ izenburuko txostena onartzean, agiri horren helburu nagusia baita  zerbitzu publikoen esparruan eta arlo sozioekonomikoan printzipio eta ekintza estrategiko zehatzak ezartzea, ongizatearen gizarte hori bermatzeko, Euskadik orain aldian dituen eta etorkizun hurbilean izango dituen asmo eta beharrekin ados. Txosten honen koordinatzaileak, Bizkaiko ahaldun nagusi ohi Unai Rementeriak, hedabideen aurrean azaldu du jeltzaleen organo gorenak onetsi duen agiria, non jasota baitago demokrazia defendatzea gizarte kohesiorako estandarrik gorenak defendatzea dela, eta ongizatea bermatzera begira ekonomia indartsu eta iraunkorra beharko dela.

Txosten sozioekonomikoak jasotzen du, halaber, EAJ-PNVk garrantzi handia ematen diola Euskadiren lehiakortasun ekonomikoa bermatzeari, bai eta industria eta elikagaien eta nekazaritzaren sektorea sendotzeari ere. Era berean, neurri zehatzak planteatzen ditu trantsizio energetiko eta klimatikoa garatzeko, autonomia energetiko handiagoa izateko. Trantsizio energetikoa funtsezkoa izango da ekonomia sarearen lehiakortasunerako, autonomia estrategikorako beharko diren azpiegiturez gain. Halaber, agiriak  proposatzen du sektore estrategiko berriak bultzatu beharra, eta azpimarratzen du EAJ-PNVren asmoa dela gizartearekiko konpromisoa duten euskal enpresei laguntzea, hazteko aukerarekin  batera Euskadin dituzten sustraiak indartu ditzaten.

Gizarte gaietan, Batzar Nagusiak onetsi duen agiriak talde jeltzaleari proposatzen dio bikaintasuna bilatzen jarrai dezala osasunean eta hezkuntzan. Txostenak EAJ-PNVri ezartzen dio indarkeria matxista desagerrarazteko tresna bihurtzeko zeregina, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde lan eginez. Trantsizio demografikoaren aurrean, gainera, testuak neurri zehatzak jasotzen ditu pertsonen zaintzarako, zahartze aktiborako, jaiotza tasaren eta etxebizitzaren alorrean. Gaur goizean Donostian onetsi den agiriak euskararen garrantzia nabarmentzen du, Euskadiko hizkuntza propioa den aldetik, bai eta kulturak garapen faktore gisa duen egiteko nagusia ere, migratzaileak gizarteratzea gure gizartearentzat aukera dakarrela gaineratuz.

Testuan ere aipatzen da Administrazio publikoaren eta erakundeen garrantzia. Txosten honek aldarrikatzen du burokrazia murriztea eta Administrazio eraginkorragoa eta hurbilagoa lortzea, absentismoak behera egin dezan. Azkenik, EAJ-PNVk berresten du Ekonomia Ituna Eta Ekonomia Hitzarmena  autogobernuaren ezinbesteko tresnak direla, zerbitzu publikoak hobetzeko eta jarduera ekonomikoa pizteko, eta horiek erantzukizunez kudeatu behar direla.

Nafarroa 'Euskal Y trenbidearekin' konektatzeari dagokionez, Batzar Nagusiak ondorengoa jasotzen du: “Beren beregi aipatzen dugu Abiadura Handiko Trenbide Sarea amaitu eta martxan jarri behar dela, zazpi herrialdeetako bost elkarren artean konektatzeko, Espainiar Estatuarekin zein Europako iparraldearekin, prestazio handiko zerbitzuak emanez pertsonentzat eta salgaietarako, zein tren bidezko autopista gisa. Lehenbailehen behin betiko irtenbidea erabaki behar da Nafarroa  ‘Euskal Y trenbidearekin’ konektatzeko, azken azterlanean jaso diren Vitoria-Gazteiz eta Ezkio alternatibez gain, 2018ko alegazioetan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Ezkiotik aurkeztu zuten alternatiba jasoz. Sarearen funtzionaltasunari eta ahalmenari buruzko alderdiak kontuan hartzea eskatzen da, eta horrekin batera bidai denborak, ingurumenari lotutako gaiak eta eraikuntza-operazio- mantentze kostuak. Abiadura handia hiriburuetan esandako terminoetan integratzea eskatzen da, Bilbo eta Vitoria-Gasteizko lurperatze proiektuetarako aldi baterako irtenbide alternatiborik  planteatu gabe. Garraio publikoaren erabilera areagotu eta mugikortasun kolektiboko sistemak lehenetsiko dituen kudeaketa, maiztasun- eta tarifikazio-eredu bat aldarrikatzen dugu”.

Denboralea Bahia Blancan. UNIÓN VASCA. Lagun diezaiogun Euskal Etxeari.