Prentsa Aretoa

2025/05/30

EAJ-PNV Laudiok udal zerbitzuen lizitazioaren atzerapen larriaz ohartarazi du eta gardentasuna eta plangintza eskatu ditu

Alderdi jeltzaleak ohartarazi duenez, Udalak "faktura-kolpean" ordaintzen jarraitzen du, hilabetez hilabete, duela urtebete baino gehiagotik iraungitako kontratuak, batzuk 2023tik aurrera, konkurrentziarik eta berme juridikorik gabe, eta dagoeneko milioi bat eurotik gorako bolumen ekonomikoa dakarkie Udalari

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNV Laudiok udal zerbitzuen lizitazioaren atzerapen larriaz ohartarazi du eta gardentasuna eta plangintza eskatu ditu

ARGAZKIA JAITSI

Laudioko Udaleko EAJ-PNV udal-taldeak salatu du EH-Bilduko gobernu-taldeak ez duela plangintzarik eta zorroztasunik udal-kontratuen kudeaketan. Alderdi jeltzaleak ohartarazi duenez, dozenaka udal zerbitzu, horietako asko funtsezkoak, indarrean dagoen kontraturik gabe daude eta hilero ordaintzen ari dira lizitazio publikorik gabeko fakturen bidez.

"Onartezina da EH-Bilduk milioi askoko kontratuak lizitatu gabe mantentzea. Fakturaren kolpetik ordaintzen ari dira, bermerik eta plangintzarik gabe, eta hori arduragabekeria larria da", adierazi du Ander Añibarro EAJ-PNVren Laudioko bozeramaileak.

Egoera horretan dauden zerbitzuen artean daude kiroldegia, udalekuak, kultur etxearen kudeaketa, komunikazio instituzionala, igerilekuetako sorospen zerbitzua, ekintzaileentzako aholkularitza, hondakinen bilketa pneumatikoa eta Udalaren mantentze informatikoa, besteak beste. Kontratu horietako batzuk iraungita daude 2023tik, eta ez dira berritzen hasi.

EAJ-PNVk eskatu eta lortutako informazioaren arabera, zerbitzu horien bolumen ekonomikoa milioi bat eurotik gorakoa da, nahiz eta datu osoa ofizialki eman gabe dagoen oraindik. "Opakutasuna erabatekoa da. Inork ez daki ziur legezko prozeduretatik kanpo zenbat diru publiko kudeatzen ari den ", azpimarratu du Añibarrok.

Kontrolik gabeko kudeaketa

Euskal alderdi nazionalistak gogorarazi du arazo hori ez dela berria, eta 2023an ere salatu zutela, lizitazioen egutegi eguneratu eta irisgarri baten faltak zekarren arriskuaz ohartarazi zutenean. "Udalak aurreikuspenik eta ibilbide-orririk gabe funtzionatzen du. Ez dago inor bolantean. Hori da EH-Bilduren desgobernuaren ondorio zuzena; izan ere, ia bi urte daramatza inprobisazioa eta gardentasun falta nortasunaren ikur bihurtu direla", adierazi du bozeramaileak.

Horregatik, EAJ-PNVk gobernu-taldeari eskatzen dio egoera irregularrean dauden zerbitzu guztiak lizitatzeko behar diren prozedurak berehala aktibatzeko eta atzerapen horren arrazoiak jendaurrean azaltzeko. Gainera, jarraipen publikoa izango duen udal kontratazio egutegi bat argitaratzea eskatu dute, aurreko agintaldietan gobernu jeltzalearekin egiten zen bezala.

"Lizitaziorik ezak, zerbitzuen kalitatea arriskuan jartzeaz gain, Udala oso egoera ahulean uzten du juridikoki eta ekonomikoki. Bizilagunei, enpresa hornitzaileei eta Udalaren irudiari kalte egiten dien egoera da", ohartarazi du Añibarrok.

 

Kudeaketa onarekiko konpromisoa

EAJ-PNVk gobernatzeko modua aldatzea eskatu du: "Ezin da parte hartzeaz eta gardentasunaz harro egon datuak ezkutatu, epeak urratu eta herritarrei bizkarra emanda gobernatzen den bitartean. Kontratazio publikoak legezkotasunaren, eraginkortasunaren eta aukera-berdintasunaren printzipioak izan behar ditu gidari. Laudiok planifikatuko duen, beteko duen eta kontuak emango dituen Udal bat merezi du. Azken batean, gobernu-talde hobea".

IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!