Prentsa Aretoa
2026/10/20
EAJ-PNVk Jon Escuzaren aldeko apustua egin du berriro, Okondoko Udalaren buru izaten jarrai dezan
Egungo alkatea izango da berriro ere hautagai jeltzalearen buru 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetan, egindako lanari jarraipena emateko eta herritarrentzako zerbitzu eta aukerak hobetzen jarraitzeko helburuarekin
Okondoko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak aho batez aukeratu du Jon Escuza del Campo, egungo alkatea, 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetan berriro hautagai izateko. Horrela, alderdi jeltzaleak 2019an hasitako udal proiektuari eutsi eta okondoarren bizi kalitatea hobetzeko lanean jarraitzeko apustua egin du.
Escuzak ilusioz, arduraz eta Udalaren buru izaten eta bere herriaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoz ekingo dio aro berri honi. 2023ko udal hauteskundeetan, Okondoko herritarrek EAJ-PNVren hautagaitza babestu zuten gehiengoz, bost zinegotzi lortu eta udal gobernua bere gain hartuz. Hautagai eta egungo alkateak babes hori 2027an berritzea espero du, herriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dieten proiektuak bultzatzen jarraitzeko. “Niretzat, Okondoko alkate izatea harrotasun eta ardura handia da, eta egunero ilusio berarekin hartzen dut. Urte hauetan gure herria hobetzeko, auzokideen beharrei erantzuteko eta proiektu garrantzitsuetan aurrera egiteko lan egin dugu. Hori egiten jarraitu nahi dut, herritarrei entzunez eta hurbiltasunez, konpromisoz eta dedikazioz lan eginez”, adierazi du Escuzak.
Proiektuak eta aukera berriak Okondorako
Agintaldi honetan, Udalak, EAJ-PNV buru dela, udal zerbitzuak modernizatzeko, espazio publikoak hobetzeko eta herritarren beharrei erantzuteko ekimenak bultzatu ditu, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta beste laguntza-programa batzuen baliabideak erakartzeko estrategia ardatz hartuta.
Erakunde arteko lan ildo horri eutsi nahi dio alderdi jeltzaleak, eta arreta berezia jarri nahi du zerbitzu publikoetan, azpiegituretan, etxebizitzan, iraunkortasunean eta belaunaldi berrientzako aukeretan.
Jarduera aipagarrienen artean, Kultur Etxearen hobekuntza termikoa dago, 2025aren hasieran amaitua. Gainera, jasangarritasunarekin eta ingurunea zaintzearekin hartutako konpromisoa amiantoa espazio publiko horretatik kentzean ere islatzen da, instalazioen segurtasuna hobetzera eta espazio publiko osasungarriagoetarantz aurrera egitera bideratutako jarduera baita. Era berean, erretiratuen elkartea eraberritu da, adinekoak elkartzeko eta elkarrekin bizitzeko instalazioak hobetzeko; eta udal-etxebizitza bat osorik birgaitzea planteatu da, alokairu eskuragarrirako, batez ere gazteei zuzenduta.
Ekimen horiei beste hauek gehitu behar zaizkie: Klima eta Energiaren Udal Plana idaztea, pertsona nagusientzako eta kolektibo zaurgarrientzako SUA suteen aurkako sistemarekin batera, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikustea eta udal-txokoa eta bizikleten garbitokia sortzeko proiektuak. Era berean, Escuzak hobekuntzak bultzatzen jarraitzen du argiterian, landa-bideetan, espazio publikoetan, hiri-altzarietan eta udal-ekipamenduetan.
Bestalde, Gobernu-talde jeltzalea Arabako Foru Aldundiarekin batera lanean ari da A-3641 errepidea erabat hobetzeko, Okondon bizi direnen bide-segurtasunerako eta bizi-kalitaterako azpiegitura garrantzitsua baita. “Erronka garrantzitsuak ditugu aurretik, eta seriotasunez aurre egiten jarraitu nahi dugu, baliabideak bilatuz eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, baina baita Okondoko beharrak irmotasunez defendatuz ere. Gure konpromisoa da udalerriak aurrera egiten jarraitzea eta hartzen ditugun erabakiek pertsonei benetako hobekuntzak ekartzea”, gaineratu du hautagai hautatu berriak.
Escuza aho batez hautagai aukeratuta, Okondoko EAJ-PNVk gertutasunean, entzute aktiboan, kudeaketa arduratsuan eta irtenbideak bilatzean oinarritutako udal proiektuaren aldeko apustua berretsi du. Hautagai jeltzaleak herritarren konfiantza berritu nahi du, Udalburu izaten jarraitzeko eta Okondo hobetzeko lan egiteko, zerbitzu hobeak, aukera gehiago eta pertsona guztiek beren bizi-proiektua garatzeko aukera izan dezaten.
“Eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan nigan eta EAJ-PNVren zinegotzi taldean konfiantza izan duten pertsona guztiei. Okondorako gogoa, ideiak eta proiektuak izaten jarraitzen dugu. Erronka honi lehen eguneko ilusio berberarekin eta gure herriaren alde lanean jarraitzeak merezi duen uste osoarekin aurre egiten diot”, bukatu du Jon Escuzak.
Nabarmenak...
GAUBEA
2026/10/19
AGURAIN
2026/10/18
DULANTZI
2026/10/16
OKONDO
2026/10/14
LEGUTIANO
2026/10/14
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
EBB
2025/03/29
EBB
2025/03/30
BERRIA
2025/03/30


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS




















