Prentsa Aretoa

2015/10/06

Alkateak Gasteiz Eusko Jaurlaritzaren gai-zerrendan dagoela egiaztatu du

Urkulluk hitz eman du 11,7 milioi inbertituko dituela Koroatzearen auzoa eraberritzen, eta dirua jarriko duela tranbiaren luzapenerako, Salburuko eta Zabalganeko ikastetxe berrietarako eta osasun azpiegituretarako, Jundizko geltoki intermodala garatzeaz gain

rss Ezagutzera eman
Alkateak Gasteiz Eusko Jaurlaritzaren gai-zerrendan dagoela egiaztatu du

ARGAZKIA JAITSI

Lehendakariarekin izandako bilera bukatu ondoren Gasteizko alkateak azaldu duenez, Iñigo Urkulluk gure hiriarekin duen konpromisoa sendoa dela azaldu dio. Horren adibide da lehendakariak atzo Mercedesek Alemanian duen egoitzara egin zuen bisita. Bilera horretan argi utzi zuten Mercedeseko buruzagiek: Gasteizko planta funtsezkoa da multinazionalarentzako. Lehendakariak, gainera, Eusko Jaurlaritzak automozioaren arloko teknologian eta enpresa hornitzaileen garapenean laguntzeko duen borondatea adierazi zuen.

Bi buruzagiek herri-proiektuak partekatzen dituztela eta hauek garatzeko elkarlanean era aktiboan arituko direla esan dute. Ekonomiaren arloan, aktibitatea berpiztu eta enplegua sortzearen garrantzian bat datoz. Horretarako industriari laguntza, ekonomiaren industriazioa, beharrezkoa da. Batez ere, Gasteizek duen industria maila altua eta Udal Gobernuak arlo honen garatzeari eman nahi dion bultzakada dela eta. Ekonomiaren arloan, gainera, Forondari eman nahi zaion indartzea aipatu dute, hiru terminal dituen euskal aireportu bezala ulertuta, eta turismoaren inguruan bilatuko den kolaborazioa 'Basque Country' estrategiaz baliatuta.

Gainera, bizikidetza giroa berreskuratzearen garrantziaz mintzatu dira. Horretarako ekintza terrorista eta biolentzia kasu guztietako biktimei errekonozimendua beharrezkoa dela aipatu dute, horrela bakea eta herri-normalizazioa lortu eta sendotzeko. Gasteiz berritzeko hainbat estrategiaz ere hitz egin dute. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak bultzatu duten Koroatze auzoa berritzeko proiektua, tranbiaren luzatzea, BRT edo 'bus expres' delakoen ezarpena, Abiadura Handiko Trenaren iristea, Arabako Unibertsitate Ospitalearen handitze eta hobekuntzak, Salburuko eta Zabalganeko ikastetxe berriak eta Jundizko geltoki intermodalaren garatzea.

Gaur goizean Lehendakaritzan egindako bilera joan den maiatzeko hauteskundeen ostean lehendakaria erakundeen ordezkariekin, diputatu nagusiekin eta alkateekin egiten ari den ohiko eta protokoloko bilkuren barruan sartzen da. Azken urteetan euskal hiriburuan egin diren inbertsio handienetan Eusko Jaurlaritzak jarritako inplikazioa eta ekarpen ekonomikoa birpasatu dute bi agintariek. "Azpiegitura horiek hiria eraldatu dute, eta Eusko Jaurlaritzak hiriarekiko interes handia erakutsi du ekintza horien bidez". Besteak beste, Gasteiz hiribidea eraberritzea, Europa biltzar etxea birmoldatzea, autobus geltoki berria, tranbiaren garapena, Txagorritxu eta Santiago ospitaleak eraberritzea, Eraztun Berdea ixtea eta Salburuko gizarte etxea.

Orainari eta etorkizunari begira, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa hiriburuarekin sendoa dela berretsi dio lehendakariak alkateari. "Eusko Jaurlaritza konprometituta egon da hiria eraldatzen eta modernizatzen laguntzen duten proiektu berriekin, eta aurrerantzean ere konpromisoari eutsiko dio", adierazi du alkateak. Horren adibide argia da Coronación auzoa eraberritzeko plana, Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egingo baitu hurrengo hiru urteetan, 11,7 milioi euro jarriz. Etxebizitza Sailak 7,8 milioi euro jarriko ditu, Ekonomiaren Garapen Sailak, 1,1 milioi, eta Energiaren Euskal Erakundeak, 500.000 euro. Gainera, Jaurlaritzak eta Udalak 3,3 milioi euroko gizarte funts bat osatuko dute (horietako 2,3 gobernuak jarriko ditu) diru-sarrera gutxien duten eta ohiko etxebizitza bertan duten bere auzokoei laguntzeko, plana garatzeko ordaindu behar dutenari aurre egiterik izan dezaten.

Era berean, Urkulluren gobernuak bai kudeaketan bai ekonomikoki esku-hartze aktiboa izango duen beste lau proiektu mahairatu dira. Horien artean, tranbiaren luzapena, autobus espres edo BRT martxan jartzea , eta Salburuan eta Zabalganean ikastetxe berriak egiteko obrak. Eraikitzen ari den Mariturriko HLHIaz gain, 2016an Errekaberri HLHI eta Zabalganeko Bigarren Hezkuntzako institutua eraikiko dira. Horri Txagorritxu ospitalea handitzeko lanak gehituko zaizkio, urte honen bukaeran esleituko baitira, Gasteizko Erakunde Sanitario Integratua abian jartzea eta Lakuabizkarreko osasun zentroa handitzea, baita Jundizko geltoki intermodala garatzea ere.

Aipatutako bileran, aurreko udal gobernuak Udalaren diru-kutxa egoera kezkagarrian utzi duela jakinarazi dio alkateak lehendakariari, aurreikusten den defizita 60 eurotik gorakoa baita. Gorka Urtaranek zehatz-mehatz azaldu dio lehendakariari aurtengo ordainketei eta hurrengo urteetan zatikatzekotan direnei aurre egin ahal izateko saneamendu plana.

Horri dagokionez, Urkulluk jakinarazi dio Urtarani hiriburutza kanonaren inguruan eta proiektu garrantzitsuen inguruan duen konpromisoa. "Lehendakariak Gasteiz Eusko Jaurlaritzaren gai-zerrendan dagoela bermatu du, eta gertaerek horrela frogatzen dute", esan du Gorka Urtaranek.

2013an sinatutako hiriburutza kanonaren konpromisoa berritzeko asmoa duela iragarri du. Horren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren agintaldi honetan Gasteizek 5 milioi euroko ekarpen berezia jasotzen du, alegia, 20 milioi euro lau urtetan. "Lehendakaria ulerkorra eta sentikorra izan da Udalbatzak kanona handitzeko onetsi zuen eskaerarekin. Hala ere, zuhurtasunez jokatu behar dugu. Eskaera hau aztertzerakoan Jaurlaritzak diru-bilketaren eboluzioa, Gasteizeko proiektuetan duen diru parte hartzea eta bere eskumeneko aurrekontu beharrak aintzat hartuko beharko ditu: osasuna, hezkuntza, gizarte-prestazioak, berrikuntza, nazioartekotzea, ingurumena, segurtasuna eta abar", esan du Gorka Urtaranek. Dena den, orain duen akordioa beteko du Eusko Jaurlaritzak agintaldi honetan, 2016 urterarte. Gero etorriko den akordioa hurrengo Jaurlaritzarekin negoziatu beharko da.

Azkenik, bi agintariek Espainiako gobernuak Euskadiko hiriburuarekin itxi gabe dituen gaiak birpasatu dituzte, esate baterako, Forondako aireportua bultzatzea, ordutegia 24 ordutara zabalduz eta Mugako Ikuskaritza Gunea berriro irekiz, eta abiadura handiko trenaren sarbidea hirira, orain diseinatzen ari baita.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU