Prentsa Aretoa

2015/12/18

Urkulluk eta Ortuzarrek abertzale guztien botoa eskatu dute “Madrilen egin dugun eta egingo dugun guztia aldezteko”

EAJ-PNVk amaiera emateko mitina egin du Bilboko Areatzan, musika, festa eta ilusio giroan ehunka alderdikide elkartu diren ekitaldian

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Euskal emakume eta gizonak gara. Abertzaleak gara. Igandekoak ‘abertzaleen arteko jaia’ izan behar du. Boto abertzale guztiak EAJ-PNVrentzat eskatzera nator. Boto guztiak gorri,berde eta zuriak izan daitezela. Boto guztiak behar ditugu Madrilen Euskadiren alde egiteko. Madrilen defendatzeko Euskadin egin dugun eta egingo dugun guztia”. Iñigo Urkullu Lehendakariak mezu honekin piztu du EAJ-PNVk hauteskunde kanpainari amaiera emateko ekitaldian eman den txalo zaparradarik beroenetakoa. Minutu batzuk geroago, antzeko mezua zabaldu du Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren Presidenteak. “Hemendik eta igandeko arratsaldeko zortziak arte, denok martxan egotea eskatzen dizuet. Behar beharrezko ditugu boto guztiak. Denbora dugu oraindik kontzientziak astintzeko, jendea iratzartzeko eta hausnarketara animatzeko. Ez daitezela erori lau iruzurtik esango dutenaren mende. Jokoan dugu Herri honen etorkizuna. Azeleragailuari eman behar zaio. EAJren aldeko botoa lortu behar dugu. Euskadin bai, Euskadin alternatiba bat dago. Abertzaleok, Euskadi maite duzuen guztiok, igandean hautestontziak EAJren aldeko botoekin bete behar ditugu. Inoiz ere huts egiten ez duen botoa, euskal herritarrak ondoen defendatuko dituena. Zurea defendatzen duen botoa. Lehenik, Euskadi!!!”, esan du adoretsu jeltzaleen buruak. Urkulluk, Ortuzarrek eta Kongresurako hiru zerrendaburuak diren Aitor Estebanek, Joseba Agirretxeak eta Mikel Legardak ere hitz egin dute gaur Bilboko Areatzan hauteskunde kanpainari amaiera emateko, EAJ-PNVk ehunka alderdikide eta alderdizalerekin egin duen ekitaldian. Gaurko mitinean nagusi izan da festa giroa eta ekitaldiari hasiera emateko orduan entzun dira abertzaleentzat oso esanguratsuak diren bi abesti: ‘Bagare’ eta ‘Ikusi Mendizaleak’.

Urkulluk gogora ekarri du gaurkoan EAJren alderdikide eta alderdizaleak batu dituen karpa erraldoitik metro batzuetara jarri zela ikurrina lehen aldiz, Posta kaleko batzokian hain zuzen. “Duela 121 urte izan zen, eta batzoki batean jarri zen. Nork eramango du ikurrina Madrilera igandetik Aurrera? Euzko Alderdi Jeltzalearen hautetsi guzti-guztiek. Guk eramango dugu. Euskadi eramango dugu. Madrilera joango gara Euskadiren interesak aldeztera, Ekonomia Ituna, autogobernua, etorkizun hobea. Madrilera joango gara Osasunik onena izaten segitzeko, Hezkuntzarik onenari eusteko, Gizarte Babesik onena izateko” baieztatu du Lehendakariak. Urkulluk era berean iragarri duenez, hau guztia,hau da, euskal ongizate eredua eta euskal nazio eraikuntza, jokoan egongo direla abenduaren 20an, eta izena jarri die aurrerantzean egongo diren mehatxuei. “Alderdi Popularraren Gobernuaren gehiengo absolutuko lau urteak sufritu ditugu. Euskal agenda ukatu izana sufritu dugu, Autogobernuari aurrerapena ukatu izana, Kupoa negoziatzeari uko egin izana, Bakea eta Bizikidetzaren aurrerapena erraztu ez izana…. ‘ezetzaren’ PPrekin, txarto. PP eta Ciudadanosekin, okerrago. Beraiek ‘ezetza’ eman diote Euskadiri. Euskadik ‘baietza’ indartsuarekin erantzun behar du. Igandean, boto guztiak Euzko Alderdi Jeltzalearen alde. Igande abertzalea izango da, Euskadiren aldeko botoa, Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoa”.

Ortuzarrek alderdikide eta alderdizaleei adierazi nahi izan die bere esker onik beroena “Zuen babesa, zuen laguntasuna, zuen elkartasuna sentitu dugu Euskadi osoan, joan garen leku guztietan. Batzuek esaten zuten jendea beste gauzetara zegoela, kanpaina hotza izan dela. Ba, ez, gurea ez. Berotasuna sentitu dugu, zuen guztion laguntasuna eta babesa, herri guztietan, mitin guztietan”. Ciudadanos taldeko hautagaiari ere erantzun nahi izan dio. “Rivera Bilboraino etorri zen abertzaleak oker gaudela esateko, euskaldunok ezberdin izan nahi ez dugula esan du, nahi duguna hobeto bizitzea dela. Hori izango da berarentzat hobeto bizitzea: espainiarra izatea. Horrek ez du Herri hau ezta hemengo jendea ere ezagutzen. Guk ez dugu ezberdinak izan nahi: ezberdinak gara. Euskal herritarrak gara eta euskal herritarrak izaten segitu nahi dugu. Ez dugu beste ezer nahi. Beste batzuei beren naziotasuna aitortzen diegun modu berean, gurea ere aitortua izan dadila nahi dugu. Eta, jakina, hobeto bizi nahi dugu. Nork ez du nahi gaur atzo baino hobeto bizitzea? Bai, guk hobeto bizi nahi dugu, baina ez dugu hurkoaren bizkarretik izaterik nahi. Ez dugu existitzen ez diren pribilegioak nahi. Hobeto bizi nahi dugu,baina gure lanari esker. Gure esfortzuari esker. Gure borondateari esker. Inortxok ezer oparitu gabe, eta inork ezer inposatu gabe”.

EBBren presidenteak gazteei eskaini nahi izan die kanpainako mezuaren zati handi bat. “Nire belaunaldikook zuen adinarekin ezagutu genuen herriak ez du ia zerikusirik gaur egun daukagunarekin. Herri grisa zen. Txirotua. Etorkizunik gabea. Berrogei urteko diktaduraren ondoren nekez bizitzera kondenatuta. Industriaren gainbehera ikusi genuen. Erakunde propiorik gabeko herria bizi izan genuen, debekatuta genituen sinboloak ateratzeko aukerarik gabe. Indarkeriaren eguneroko zarrastaren mende. Baina, bi gauza genituen: Herriarekiko konexioa eta nora joan behar zen eta nora joan behar ez zen ondo baino hobeto zekiten lider adoretsuak ere. Juan Ajuriagerra, Madrilen euskal ordezkaritzako burua, Arzalluz, Bujanda, Unzueta, Cuerda eta beste hainbat… Madrilera joan ziren denbora galdua berreskuratzera. Eta, luzaro amestutakoa errealitate bihurtzen zela ikusi genuen, Gernikako Estatutua. ‘Gaur autonomia, bihar independentzia’, idazten genuen hormetan. Lehen erakunde demokratikoen eraikuntza bizi genuen. Ekonomia Ituna berreskuratu genuen. Eta industria-birmoldaketa basatiari egin behar izan genion aurre. Gure herrian %30etik gorako langabezia zegoen. Baina, fedeari eutsi genion eta borondatea izan genuen. Eta, indarra ere bai. Apurka-apurka herri bat eraiki genuen, beste batzuek leherrarazi nahi zuten bitartean. Ertzaintzaren lehen promozioa irten zen. Eta euskal osasuna eraiki genuen. Eta EITB. Eta hezkuntza eredu eredugarria. Unibertsitate Publikoarekin. Ontzigintza eta siderurgiaren gainbeheraren aurrean ere eutsi egin genion. Zerbitzuak eguneratu genituen. Errepideak ere bai. Gaur ongizatea, bakea eta normaltasuna gozatzen ditugu. Baina, hori guztia lortzeko, herri honek larrua eman du ahaleginean. Asko kostatu izan zaigu honaino iristea”. Ortuzarrek euskal gazteriari gogorarazi nahi izan dio eraldaketa hau, euskal eredu arrakastatsu hau lortu ahal izan dela autogobernuari esker, Ekonomia Itunari esker eta eskubide historikoei esker, eta bere balioa eta modernotasuna aldarrikatu ditu. “Ekonomia Ituna, eskubide historikoak ez dira soilik gure gurasoen lorpena: zuen eskubideak dira, eta horiekin eraikiko duzue zuen etorkizuna. Defendatu behar dituzue, eskubide horiekin askeak izango zaretelako eta gizarte berria eraikiko duzuelako. Tresnarik onenak dituzue. Konstituzio asko baino lehenagotik, herri honetan izan ditugun eskubideak. Konplexurik ez, inork antzinakoak direla esaten badu: zuek nahi bezain modernoak izango dira. Herri hau zuek nahi duzuen lekura helduko da, zuen eskuetan dago hori defendatzea , zuen eskuetan dago gurasoen mailako semeak eta alabak izatea. Zuena da etorkizuna”.

Aitor Estebanek, EAJ-PNVk Bizkaian Kongresurako aurkezten duen zerrendaburuak “ EAJ-PNVren alderdikide eta alderdizaleen eskuzabaltasuna, abertzaletasuna eta arduraldia“ eskertu ditu eta zera iragarri nahi izan du “euskal herritarrok ez dugu inork Madriletik gobernatzerik behar, ez dugu nahi eta ez dugu halakorik onartuko”. Horregatik, baieztatu duenez, “herri honek gure autogobernuaren defentsaren alde egingo duela zabaldu nahi badugu, EAJk izan behar du herri honetako lehen indarra”.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU