Prentsa Aretoa

2018/09/07

EAJ-PNVk Mikel Legarda izendatu du Estatus Politiko Berriaren testu artikulatua idatziko duen aditu-talderako

Prestigio handiko jurista, Konstituzio Zuzenbideko aditua da Legarda. Ibilbide luzea du euskal autogobernuaren garapenari eta defentsari lotuta

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Mikel Legarda izendatu du Estatus Politiko Berriaren testu artikulatua idatziko duen aditu-talderako

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk Mikel Legarda Arabako diputatu jeltzalea aukeratu du Euskadiko Estatus Politiko Berrirako testu artikulatua zehazteko osatuko den aditu-talderako. Alderdi jeltzaleak goraipatu egin du Legardaren ibilbide luzea euskal autogobernuaren defentsan eta bultzadan, bere prestigioa, eta arlo autonomikoan eta Zuzenbide Konstituzionalean duen ezagutza, hala nola bere inplikazio zuzena autogobernuari, garapen autonomikoari eta espainiar Konstituzioaren erreformari lotutako eztabaida guztietan.

Legardak (Bilbo, 1956) ibilbide luzea du Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridiko zentralei lotuta. Letradun gisa sartu zen bertan, 1983an. Zuzenbidean lizentziatua da (Deustuko Unibertsitatea), eta jurista ezaguna eta esperientziaduna da, beti Estatutuaren garapenarekin lotutako mugimendu guztiei adi dagoena. Azken 35 urteotan, Legardak tartekatu egin ditu letradun lana eta beste eginkizun batzuk euskal Administrazioan bertan: Segurtasun sailburuorde, Gai Konstituzionaletarako aholkulari, eta Transferentzia, Garapen Autonomiko eta Erregimen Juridikoko zuzendari. Legardak parte hartu du euskal autogobernua juridikoki defendatzeko euskal aditu-taldean, Estatuko Administrazioak Konstituzio Auzitegian Gernikako Estatutuko eskumenen eta horiek legez garatzearen aurka jarritako helegiteei aurre egiteko, eta baita ere Euskadiko erakundeei propio dagozkien arloetan Estatuak egindako lege-inbasioei aurre egiteko ere. Ibilbide luzea, beraz, Administrazioaren eta euskal autogobernuaren zerbitzuan; eta horrek ondo erakusten du zeregin honetarako pertsona egokia dela.

Legardak bi legealdi daramatza Kongresuan diputatu, Arabako jeltzaleak ordezkatzen. Bertan, besteak beste, bozeramailea da Justizia, Defentsa eta Lurralde Politiken batzordeetan. Gainera, hizlari jardun du Kanarietako, Kantabriako, Murtziako eta Valentziako Autonomia Estatutuen erreformarako ponentzietan.

Estatutu Politiko Berrirako testu artikulatua idazteko zereginean, Mikel Legardarekin batera izango dira beste talde parlamentarioek izendatutako lau aditu. Datorren irailaren 12an, asteazkenarekin, berriro elkartuko da autogobernua eguneratzeko Ponentzia. Bertan egingo da ofizial lantaldearen eraketa.

 

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU