Prentsa Aretoa

2019/05/11

EAJ-PNVk Salburua eta Zabalgana Ekobulebar berde baten bitartez lotzeko apustua egin du

Trenbidea lurperatzean libre geratuko diren espazioak baliatu nahi ditu Gorka Urtaranek berdeguneak, tranbia, mugikortasun iraunkorra, bizitegi-eremuak eta bulegoetarako nahiz zientzia eta kulturarako hainbat espazio integratzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Vitoria-Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, eta Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzalezek, biak Arabako erakundeetako buru berriro izateko hautagai direnek, aurkeztu dituzte gaur goizean datozen urteotarako, hirirako eta lurralderako, bere apustuetako bi.

Gaur goizean oraingo trenbideen ondoan egindako ekitaldi batean bi hautagaiak Urkullu lehendakariak eta Araba Buru Batzarreko presidenteak lagunduta egon dira. Jose Antonio Susok gogora ekarri du hirirako zein lurralderako onuragarriak diren akordioak lortzeko gaitasuna, trenbidea lurperatzekoa, kasu. “Gorka Urtaranek, Udaleko buru gisa, eta Ramiro Gonzalezek, Aldundian, argi erakutsi dute Arabara eta Gasteizera baliabideak ekartzeko duten gaitasuna, guztion onerako akordioak ehunduz. Gaur 2015ean baino hobeto gaude” adierazi du.

Vitoria-Gasteiz eraldatzeko aukera onenetako bat izango da Abiadura Handiko trenaren etorrera, lurpean, hiriaren bihotzeraino. Hiri-eraldaketa horrek, Gorka Urtaranen iritziz, aukera emango du Salburua eta Zabalgana konektatzeko, baita Gasteizkoa berezkoa den ukitu batekin egiteko ere: Ekobulebar baten bitartez. Korridore ekologiko handi bat izango da, zeina garraio-korridorearen (trena/tranbia eta trenbideak) izaerari eutsita, konektore berde handi bilakatuko den; bertan integratuko dira berdeguneak eta arboladiak, mikromugikortasun iraunkorra ( bizikleta eta baliabide elektrikoak, oinezkoentzako ibiltokiak), bizitegi-eremuak eta unibertsitate, kultura eta berrikuntzarako espazioak.

Basque Center of Innovation (BCI) berria, EAJ-PNVk proposatua, Sendako auditoriun berria edo Dato kalean eraikitzekoa den abiadura handiko geltoki lurperatu berria izango dira hiri-espazio berri horren trakzio-eragile nagusiak.

Gorka Urtaranek Ekobulebarra defendatu du, horretan ikusi baitu “hazteko aukera, jauzi egiteko eta trenbidea lurperatzeak libre uzten duen korridore handi hori aprobetxatzeko zer-nolako hiri-eredua eraiki nahi dugun berriro zehazteko. Trenaren bitartez konektatutako hiri bat egiteko aukera, baina, aldi berean, ekialdetik mendebaldera tranbiaz lotzekoa, barneko bide-eraztuna itxiz, eta bidegorriz eta oinezkoentzako ibiltokiz josiz. Erabat berde den 13,68 hektareako korridorea berreskuratzea. Jarduera sozial, kultural eta ekonomikorako hainbat polo sustatzea. Berrikuntza eta zientziarako eremu bat sortzea. Hiria trinkotzea orain hutsik dauden orubeetan eta gizarte-bizitzaz nahiz hiri-bizitzaz betetzea”.

Ugari dira EAJ-PNVk proposatzen dituen eraldaketak hiriaren ekialde-mendebalde ardatz honetan. Gaur egun trenbideek Ariznabarra aldean eragiten duten orbainaren ordez hiri-parke ikusgarri bat azalduko da eta bertan tunel faltsu batek korridore berdearekin egingo du bat eta hiri-bilbeari emango dio jarraipena.

Horrez gain, bi dorre simetrikok sendotuko dituzte San Martin auzoko erakunde, bulego eta hirugarren sektoreko erabilerak, bi eraikin bikiren bitartez. Horietako batek udal-bulegoak eremu berean batzeko aukera emango du eta bestea korporazio-egoitza eta bulegoetarako erabiliko da.

San Martineko udal eraikinak, eraikin bikiek, Arte Ederretako Museoak, Auditorium berriak, Zulueta jauregiak eta Katedral Berriak osatuko dute kultura- eta erakunde-sustapeneko polo bat, zeina landare askotariko espazio berdeekin lotuko den.

Erdialdean, hiriko ardatz bat sortzea da apustua, halako moldez non unibertsitatea hiriaren erdialdean integratuko den, Dato kaleko lurpeko geltokiaren gainetik igaroz, campusetik Plaza Berriraino luzatuko den oinezkoentzako korridore batekin.

Unibertsitatea Vitoria-Gasteizen erdialdean integratzeaz gain, espazio horretan ikerkuntzagune eta zientziagune bat sortu nahi da: Basque Center of Innovation.

Bestalde, ibilgailuentzako lurpeko bide bat sortzeak konponbidea emango dio Manuel Iradier eta Florida kaleetako trafiko-saturazioari; kale horiek erdioinezkoentzako edo oinezkoentzako izango dira, baita San Antonio eta Ortiz de Zarate kaleak eta Pio XII.aren kalearen zati bat ere. Mugikortasun Planean aurreikusitako superetxadiak garatuko dira eta barneko bideen eraztuna itxiko. Hiri-egituran egiten diren aldaketa horiek Green Capital plazan eta Berpizkundearen plazan oinezkoentzako leku esanguratsu bat sortzea ahalbidetuko dute, ibilgailuen trafikoa desagertzean espazio bakarra osatuko baitute.

Ekobulebar luze horretan ekialderantz eginez, Florida kalea Eraztun Berdearekin konektatuko da Salburuan. Astronomo kaletik aurrera, orain hutsik dauden orubeak erabili nahi dira hiri-bilbeari jarraitutasuna emateko, erdialdea Salburuko esparru horrekin josteko eta Eraztun Berdearekin konektatzeko.

“Vitoria-Gasteiz hiriagoa, kohesionatuagoa eta berdeagoa izatea nahi dugu. Gure hiriaren esentziari eta ezaugarri berezi eta positiboei eutsi nahi diegu, iraunkortasunean erreferente baita, baina aukera berriak aprobetxatuz aurrerabiderantz eta modernizaziorantz aurrera egin nahi dugu, gizartearen biziberritzerantz, etorkizunerantz”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Bestalde, Arabako diputatu nagusi eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagaiak, Ramiro Gonzalezek, Vitoria-Gasteizko aireportua bide onetik doala nabarmendu du, “gure aireportuari, Forondari, hegoak ebaki zizkioten baina orain hazten hasi da bidaiarientzako hegaldi erregularrekin eta zama gehiagorekin, 24 orduan egoten da irekita, Muga Ikuskapen Postua (PIF) berreskuratu du eta terminala eraberritzear dauka”, adierazi du, “zaila izan da, baita neketsua ere, baina garrantzizkoena da errealitate bat dela eta erabakigarria izango dela gure aireportuaren etorkizuna sendotzeko”.

“Foronda izan behar da etorkizuneko euskal aireportu handia, gure nazioarteko aireportua. Gure aireportuak bidarientzako hegaldiak edukitzea nahi dugu, kontinentearteko bidaietan erreferente izan nahi dugu, kostu txikiko hegaldien eta charter hegaldien kopurua handitu nahi dugu, zama handiagotzea nahi dugu baita industria ere” azpimarratu du Ramiro Gonzalezek.

Dena dela, diputatu nagusiak nabarmendu du lau urteotan egindako lan gogorraren eta akordio handien ondorioa dela aireportuaren egoera ona. 2014an Vitoria-Gasteizko aireportuak 7.000 bidaiari izan zituen, ia hilik zegoen, eta 2018an inoiz baino biziago dago. 140.000 pertsonak baino gehiagok erabili zuten Forondako aireportua. Eta zifrak gorantz jarraitzen du.

“Beste horrenbeste gertatzen da zamaren arloan. 42.160.000 kilo mugitu ziren 2014an Forondatik eta 2018an 62.000.000 kilo izatera heldu ziren mugitutakoak. Inoiz baino biziago gaude, hegazkinak bete-beteta ateratzen dira egunero Vitoria-Gasteiztik ia munduko leku guztietara” aipatu du Eusko Alderdi Jeltzaleak berrautaketarako aurkezten duen hautagaiak, “ horretarako, Euskadi, Araba eta Vitoria-Gasteiz sustatzeko helburuz euskal administrazioek egina duten erakunde-akordioa berrituko dugu. Bidaiarientzako hegaldi erregularrak eskaintzen dituzten konpainia gehiagorekin egingo ditugu akordioak, xede ditugun 250.000 bidaiariak lortzera hurbiltzeko”.

“Hori guztia, Foronda sustatzeko jarduerak aurrera eramanez, funtsezkoak baitira aireportuak operadore, konpainia eta bidaiarien artean kokapena berreskura dezan etengabe, aireportutik bidaiatzeko ohitura berreskuratu dadin eta, hortaz, jarduera, bidaiarien arloan. Jokabide hori, halaber, lurraldearen aktibo nagusiekin bat datorren turismo-eredu baten garapena bidelagun gauzatu nahi da: turismo kulturala, natura-alorreko turismoa, city breaks-ak, osasun-alorreko turismoa, eta abar”.

Ildo berean, EAJ-PNV Euskadiko 3 aireportuak garraio publikoaren bidez elkarren artean lotzearen alde arituko da. “ Badira urte asko aireportu-alorreko euskal politika bat defendatzen dugula, hiru terminal, aireportu bakarra. Munduarekin konektatzeko hiru modu, funtsezko hiru azpiegituraren bitartez” adierazi du Gonzalezek. “ Baina ez gara hor geldituko, lanean jarraituko dugu Forondak zama gehiago eta industria-jarduera izan ditzan”.

Eusko Alderdi Jeltzalearen aburuz Foronda azpiegitura estrategikoa da logistikaren alde egiten ari garen apustuaren barruan. Salgaien garraioan izandako zifra onek berresten dute irudi hori, baina kota handiagoetara hel daiteke. Kokapenagatik nahiz aukerengatik, mundu osotik Europara datozen salgaietarako sarbide nagusia izan daiteke.

“Argi ikusten dugu bide bakarra dela logistika-arloko enpresen jarduera eta garapen industriala sustatzea, zona franko bat finkatze-zereginean aurrera eginez baita, aireportuaren inguruetan, aireportuari lotutako enpresa berrien ezarpena ahalbidetuko duen enpresa-parke baten sorreran ere”, amaitu du hautagaiak.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU