Prentsa Aretoa

2019/10/31

Botoarekin, eta ez abstentzioarekin, Espainiako klase politikoarekin “haserre” dagoela erakustea eskatu dio EAJ-PNVk euskal hiritargoari

Vitoria-Gasteizen egin du gaur talde jeltzaleak Hauteskunde kanpaina abiarazteko ekitaldia, apirilaren 28an lortu zuen babes zabala berresteko asmo argiarekin. “Mehatxurik handiena ez da eskuineko hirurek bat egitea, baizik eta PPk abstentzio patriotikoa ematea Sanchez presidente egiteko”, ohartarazi du Ortuzarrek

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Ulergarria da batzuei kanpaina honek nagia eragitea, beren frustrazioa erakustea eta Espainiako klase politikoari atzamarra erakustea. Baina erantzuna ezin da abstentzioa izan, ezta etxean besoak gurutzatuta geratzea ere. Erantzunak aktibo izan behar du, botoarekin etorri behar du, mobilizaziotik, konpromisotik. Horixe izango da euskal hiritargoari Kanpaina honetan proposatuko dioguna: gure konpromisoa eskainiko dugu beren haserrea zerbait probetxugarri bihurtzeko Euskadirentzat eta demokraziarentzat”. Horixe izan da Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko buruak, Vitoria-Gasteizko Loma Jeneralaren Plazara hurreratu diren dozenaka alderdikide eta alderdizaleri luzatu nahi izan dien mezu nagusia, azaroaren 10eko hauteskundeetarako kanpainari hasiera emateko ekitaldian. Ekitaldian parte hartu dute EAJ-PNVk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik Kongresurako eta Senaturako aurkeztuko dituen hautagai guztiek. Oraingo honetan ere, denen helburua da EAEko hiru Herrialdeetan alderdirik bozkatuena izatea, apirileko hauteskundeetan bezala sei diputatu eta bederatzi senatari lortzea eta talde propioa eratu ahal izatea Beheko Ganberan eta Goiko Ganberan -“Euskal Taldea” izenez ezagutzen dutena-. ‘Hemen, EAJ-PNV’ da hauteskundeen errepikapen honetara talde jeltzaleak daraman goiburua eta oraingo honetan ‘Ganoraz’ eta ‘Fundamentuz’ terminoekin osatuko da euskal gizarteak EAJ-PNVrekin lotzen dituen seriotasun eta ardura baloreak gogoan.

Ortuzarrek argi baino argiago planteatu nahi izan du azaroaren 10eko hauteskundeez geroztik Euskadik gainean izango duen mehatxua. Oraingo honetan arriskua ez da “eskuindarreko hiru taldeek bat egitea”, inkesten emaitzen arabera, agi denez, emango ez dena, baizik eta PPren “abstentzio patriotikoa”, edo Ciudadanosena, Pedro Sanchezi Moncloarako bidea errazteko. Abstentzio horren ordaina zein izango litzateke? Esango nuke ez dela musutruk izango. Beldur naiz prezio horretan sartuko dela Euskadi eta Kataluniako “menderakaitzei” egurra eman beharra, gure autogobernuaren kontra, orain arte lortu dugun abantzamenduaren kontra, etorkizunera begira bilatuko ditugunen kontra. Birzentralizatze gosea, azken finean, Euskadin lortu dugun gizarte ongizatearentzat ezin okerragoa litzatekeena. Mehatxu hori uxatzeko, jeltzaleen buruak aldarrikatu du “euskal botoak eta euskal eserlekuak erabakigarriak izatea PSOE alderdia PPrekin trikimaina egiteko tentaldia eror ez dadin, ‘gaur zure alde, bihar nire alde’ izan ez dadin, Espainiako alderdi-bitasuna finkatzeko. Arrisku hori benetakoa da, inoiz baino gehiago”.

Aitor Estebanek, Euskal Taldeko bozeramaile eta Bizkaitik Kongresurako zerrendaburu denak, gogor hitz egin du “Madrilen gutxieneko adostasun batetara iristeko orduan ageri den ezgaitasunaren kontra”, eta “desastre” hitza erabili du estatuko alderdien jarrera kalifikatzeko “beren ardura eta kezka nagusia da Moncloan nor egongo den eta ez beren jarrerak gizartearen etorkizunerako zer ondorio ekarriko ote dituen”. Ildo beretik kritikatu du “gerorako utzi ezin diren arazoak usteltzen uztea”, besteak beste pentsioen erreforma, lan merkatuaren erreforma, lurralde auzia edo Estatutuaren betepena eta Euskadirekin hitzemandako konpromisoak. Paradigma horren aurrean, Estebanek aldarrikatu du EAJ-PNVren aldetik, edukietan eta formetan “sen onez jokatzea” eta “etorkizunera begira lan egitea, arduraz, solaskide izateko eta hitz egiteko gaitasunarekin”, horiek direlako talde jeltzalearen ezaugarriak. Horregatik guztiagatik, euskal hiritargoa animatu du 10ean bozkatzera joatera “jokoan dagoena garrantzitsuegia da” esanez eta EAJ-PNVren alde bozkatzea eskatu du “horrenbeste zentzugabekeriaren eta desgobernuaren alternatiba delako, ganorazko alternatiba bakarra”.

Bestalde, Senaturako Arabako hautagaiak, Almudena Otaolak, babesa eskatu du azaroaren 10ean Goi Ganberako Euskal Taldeak 10 ordezkari izaten jarrai dezan Araba eta Euskadiren interesak defendatzeko, horietako 10 nabarmenduz: “Kontzertu ekonomikoa, Foronda, Arasur, Abiadura Handia, lehen sektorea eta sail ureztatuak, Nerbioi Garaiko saneamendua, Trebiñu, gure kultura eta gure hizkuntza, industria eta Autogobernua. EAJ-PNVk baino ez ditu defendatuko”. Maribel Vaquerok, Gipuzkoako hautagaiak, PSOEk kanpainarako aukeratu duen leloa “adar jotzea” dela esan du. “Oraingoan baietz diotela? Jendea haserre dago, arrazoi osoz, gobernatzeko ahalmena izan arren egiten jakin ez edo egin nahi ez zutenek erakutsi duten ezgaitasun eta arduragabekeriarekin. Haserre hori erantzun aktibo bihurtu behar dugu, gure Herriarekin konpromiso aktiboa hartu genuenon aldeko boto bihurtu behar dugu”.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU