Prentsa Aretoa
2020/10/07
EAJ-PNVk "Belarriprest" izateko deia luzatu dio Gobernuari, euskararen erabilera bermatzeko proaktiboa izanik
Euskal Taldeak Senatuaren babesa lortu du, Gobernuari Estatuko Administrazio Orokorraren aurrean herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko beharrezko politikak abian jar ditzala eskatzeko.
Almudena Otaolak "Belarriprest" izateko gonbitea egin dio Espainiako Gobernuari, euskararekiko dituen erantzukizunekin proaktiboa izanik. EAJ-PNVko senatariak 'Euskaraldia' kanpainak aurreikusten duen figura hori erabili du, beren burua euskaraz artatzeko prest agertzen diren pertsonak ikusarazteko erabiltzen dena, Estatuko Administrazio Orokorrak herritarrek izapide guztietan erabiltzeko duten eskubidea Euskadin bermatu dezan, hainbat araudik babestutako eskubidea.
Aldarrikapen hori, Estatuko gainerako hizkuntza ofizialetara ere hedatzen dena, horretarako hizkuntza-eskubide horiek bermatzeko behar diren politikak abian jartzeko beharrarekin, Euzko Abertzaleak Taldearen mozioan dago jasota; gaur Goi Ganberaren gehiengoaren babesa lortu duen mozioa. Ekimenaren barruan sartzen da, halaber, Administrazioko langileak hautatzeko prozesuetan herritarrek dituzten beharrak kontuan hartzea, horretarako hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten komunitateetan haien hizkuntza-gaitasuna sustatuz. "Ziurrenik harritu egingo zinatekete zerbitzu hori ematen duten pertsonen hizkuntza-gaitasun mailarekin, eta aurrerapausoa litzateke, urrats garrantzitsua Estatuak Euskadin ematen dituen zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko". Otaolak "ausardia" eskatu dio Espainiako Gobernuari: "Belarriprest rola hartuta, aurreiritzi asko ezabatuko lirateke", esan du, pertsona guztien hizkuntza eskubideak betetzeko ahaleginean ez dutela etsiko gaineratuz.
Era berean, gogorarazi du hizkuntza eskubideak bermatzea ez dela inolaz ere eskakizun diskriminatzailea. "Eskubideak herritarrei dagozkie eta betebeharrak administrazio publikoei, eta ez alderantziz". Otaolak gaineratu duenez, "eskubide hori betetzeko, gure legeriak aurreikusten du euskara jakitea derrigorrezkoa dela euskal administrazioetan lanpostu kopuru jakin bat lortzeko; horrela, zenbat eta euskal hiztun gehiago izan, orduan eta lanpostu gehiagotan izango da derrigorrezkoa euskara jakitea".
Onartutako testuak, bere erreklamazioen buru Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean ezarritakoa betetzeko Gobernu zentralari zuzendutako instantzia izanik, Autonomia Erkidegoekin batera eta modu koordinatuan lan egitea eskatzen du Europako Gutunaren Adituen Batzordearen aurrean aldizkako txostenak egiteko, bai eta Europako Kontseiluak eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzei buruz emandako gomendioak aztertu eta ezartzeko ere, gomendioak betetze aldera. Ekimenak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen babesa eta berreskurapena bultzatzea ere eskatzen du, hizkuntza horiek ofizialak ez diren lurraldeetan.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09