Prentsa Aretoa

2023/04/12

Beatriz Artolazabalek proposatu du Jundizen hiri-hondakinak aprobetxatzeko ekonomia zirkularraren poligonoa altxatzea

Ecoparke Gasteiz izenarekin, industrialde berri hori Margaritan kokatuko litzateke, Jundizen, eta hainbat azpiegitura hartuko lituzke Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) egungo instalazioarekin batera daudenak. Azpiegitura horri esker, hondakinak zabortegietan biltegiratzeaz eta kutsatzeaz gain, esparru ekonomiko berri bat garatu ahal izango litzateke hondakinen berrerabilerarekin eta balorizazioarekin lotutakoa. “Ekonomia zirkular baterantz aurrera egiteak ingurumena hobetuko du, hazkundea bultzatuko du eta lanpostuak sortuko ditu. Horretarako, ezinbestekoa da hiriak beharrezko azpiegiturak izatea”, adierazi du Artolazabalek

rss Ezagutzera eman
Beatriz Artolazabalek proposatu du Jundizen hiri-hondakinak aprobetxatzeko ekonomia zirkularraren poligonoa altxatzea

ARGAZKIA JAITSI

Vitoria-Gasteiz isuriei dagokienez hiri neutroa eta baliabideen aprobetxamenduagatik erreferente bihurtzeko helburuaren barruan, EAJ-PNVren Udalerako hautagai Beatriz Artolazabalek proposatu du ekonomia zirkularraren poligono bat garatzea Jundizko eremuan, lurraldean produktuak eta energia balorizatzeko eta merkatuan sartzeko beharrezkoak diren azpiegitura guztiak barne hartuko lituzkeena. Poligono berri horrek Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) egungo planta izango luke, TMBko soberakinak tratatzeko planta berria, erregai solidoa sortzeko aukera emango duena; planta berri bat gaikako bilketatik datorren materia organikoa tratatzeko; tamaina handiko hondakinak tratatzeko eta kudeatzeko planta bat; hidrogeno berdea ekoizteko balorizazio energetikoko instalazioa, bai eta poligono berri horren kudeaketarako eta zerbitzuetarako beharrezkoak diren instalazio guztiak ere. «Ekonomia zirkular baterantz aurrera egiten badugu, autohornikuntza energetikorantz, ingurumenaren zaintzarantz, lehiakortasunerantz eta aberastasunaren eta enpleguaren sorkuntzarantz goaz», defendatu du Artolazabalek.

Eraiki nahi den instalazioak hiri-hondakinak aprobetxatuko lituzke energia berriztagarria sortzeko eta, horrela, murriztuko luke zabortegietako biltegiratzea eta kutsadura. Hautagai jeltzalearen ustez, premiazkoa da sistema jasangarriago bat ezartzea, baliabideak eraldatuko dituena eta sortzen ditugun hondakin guztiei bizitza berri bat emango diena. “Ekonomia zirkularra gure BPGren % 7,5etik gorakoa da, eta kontsumoaren murrizketan, produktuen berrerabilpenean eta birziklatzean oinarritutako ingurune garbiaren aldeko apustua da. Baina, batez ere, aukera ekonomikoa da hiriarentzat. Energia berrerabiltzea eta sortzea funtsezkoak dira eremu horretan aurrera egiteko. Erabili eta botatzeko sistematik urrundu behar dugu”.

Artolazabalek gogorarazi duenez, 2006an martxan jarri zen TMB plantak Gasteizko eta kuadrilletako hondar eta organikoen zatiak jasotzen ditu. Organikoaren zati batekin biogasa egiten da eta zabor guztiaren % 2 baino ez da konpost bihurtzen. “Aurreikusten dugun bezala zabor organikoaren bilketa handitzen bada, egungo planta txiki geratuko da eta handitu egin beharko dugu. Nire proiektua ez datza soilik handitzean, baizik eta azpiegitura berriak instalatzean tamaina handikoak tratatzeko, hidrogeno berdea sortzeko edo erregai solido berreskuratua ekoizteko”. Adierazi du ekoparke batek toki bakar batean bilduko lituzkeela lurraldean sortutako hiri-hondakinen balorizazio energetikorako beharrezkoak diren ekipamendu guztiak. Artolazabalek adibide gisa jarri ditu Viena, Kopenhage, Tokio edo Rotterdameko hondakinen bidez energia sortzeko plantak, hiriko energia-kontsumoari eta bertako ekonomiari ekarpen garrantzitsua egiten diotenak.

Gasteizen, edukiontzi marroietan gaikako bilketa organikoa sartu ondoren, hiri-hondakinen % 35 birziklatzen ari gara, Estatuko batez bestekoa baino bost puntu gehiago. Europak helburu bezala ezarri du 2025erako % 55 birziklatzea eta 2030erako % 60”. Lor daitezkeen helburuak dira, herritarrek birziklatzeak duen garrantziaz jabetzen badira eta erakundeetatik hiria berariazko tratamendu-instalazioez hornitzen laguntzen badugu”, amaitu du.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU