Alderdi Eguna 2026

Prentsa Aretoa

2026/09/29

Gasteizko Buru batzarren artekoak eta Araba Buru Batzarrak Jon Urresti proposatu dute EAJ-PNVk Gasteizko alkate izateko hautagai gisa

Jon Urresti, Lakuabizkarrako 59 urteko enpresari txikiak Vital Fundazioaren eraldaketa gidatu du azken hamarkadan. Denbora horretan industria arloaren aldeko inbertsioak aurrera eraman eta kultura eta kirolaren arloetan ekarpenak egin dizkie Gasteizi eta Arabari

rss Ezagutzera eman
Gasteizko Buru batzarren artekoak eta Araba Buru Batzarrak Jon Urresti proposatu dute EAJ-PNVk Gasteizko alkate izateko hautagai gisa

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk Jon Urresti, egungo Vital Fundazioko presidentea, proposatu du Vitoria-Gasteizko alkatetzarako hautagai. Arabako hiriburuko Buru Batzarren Artekoak, Araba Buru Batzarrarekin adostuta, 59 urteko Lakuabizkarrako enpresari txiki hau proposatu du gaur arratsaldean, udal hauteskundeetan jeltzaleen hautagaitzaren buru izan dadin. Inoiz kargu publikorik bete ez duen Urrestik ezin hobeto ezagutzen du Gasteizko errealitatea, eta kudeatzaile gisa gaitasun frogatua du. Hamar urte daramatza Fundazioaren bidez Vitoria-Gasteizi eta Arabari ekarpenak egiten, eta esperientzia hori Udalera eramatea du helburu, Gasteizko alderdikideek proposamena onartzen badute.

 

Jon Urrestiren profila

Deustuko Unibertsitatean Politika Zientzietan eta Soziologian lizentziatua, Olabide ikastolan eta Ramiro de Maeztu eta Federico Baraibar institutuetan ikasi zuen Urrestik. Unibertsitateko ikasketak amaitu eta gutxira, 1993an, Gizaker enpresa sortu zuen.

Azken hamar urteotan Vital Fundazioaren presidente izan da, eta bertan lidergoa eta kudeaketarako gaitasuna erakutsi ditu.

Adeitsua, baikorra eta aukerak bilatzen dituena da Urresti, eta elkarrizketarako joera duen pertsona da. Ildo horretan, Udalera iristean politika egiteko modu berri bat ekarriko du, elkarlanean oinarritua eta liskarretik urrundua. Ez da politikari profesional bat; ez da inoiz hauteskundeetara aurkeztu eta ez du inoiz kargu publikorik izan.

Ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Kirolzalea da —Judimendi igeriketa-klubeko eta Alpino taldeko kide izan zen—, baita meteorologiaren zale ere.

Haren ingurukoek pertsona alai, gertuko eta adiskidetzaile gisa definitzen dute.

16 urte zituenetik EAJ-PNVko afiliatua da, eta Lakuako uri erakundean dago afiliatua.

 

Gasteizek dituen erronkei aurre egiteko kudeaketa eredua

Urrestik hautagaitza proposamenari heldu dio kudeaketan duen esperientziarekin eta datozen urteetako Gasteizen erronkei aurre egiteko ikuspegiarekin: segurtasuna, etxebizitza, ekonomia, garbitasuna eta kalitatezko enplegua.

Hamar urte daramatza hiriari ekarpena egiten Udaletik kanpo, eta orain Udalera eramango ditu bere kudeaketa-eredua eta bere egiteko modua. Nabarmena da Vital Fundazioak haren ‘makilaren’ pean izan duen eraldaketa. Denbora horretan, Vitoria-Gasteiz, Araba eta Euskadirentzat proiektu handiak eta inbertsio estrategikoak garatu ditu. Izan ere, Fundazioa ezinbesteko eragile ekonomiko bihurtu da, eta funtsezko zeregina izan du, besteak beste, Talgo Arabara itzultzeko operazioan edota SEA Arabako Enpresak eta Merkataritza Ganberarekin egindako aliantzan, industria enpleguaren, aberastasun kolektiboaren eta Vitoria-Gasteizen nortasun-ezaugarriaren eragile gisa bultzatzeko.

Esan daiteke, gainera, Vital Fundazioaren buru izan den hamar urteetan Jon Urrestiren lanaren hiru esparru nagusiak ekonomia eta industria, kultura eta kirola izan direla. Ekonomia eta industriaren arloan, nabarmentzekoak dira enpresa estrategikoetan egindako inbertsioak, hala nola aipatutako Talgo operazioa, Basquevolt eta beste industria-enpresa txiki eta ertain batzuk. Kulturaren arloan, Arkabia sortzea da adibide nagusia. Kirolaren arloan, berriz, Estadioaren berritzea eta Fundazioak kirol-ekitaldietan izan duen parte-hartzea dira horren erakusgarri.

Urte hauetan guztietan, betiere elkarlanean oinarrituta, Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin, Gasteizko Udalarekin eta Arabako beste hainbat udalekin ere lan egin du.

 

Prozesua

Gasteizko Buru batzarren artekoak, ABBrekin adostuta, Jon Urresti EAJ-PNVren Gasteizko alkatetzarako hautagai proposatzea onartu du. Aberri Estatutuekin bat etorriz, proposamena Arabako hiriburuko alderdikideei helarazi zaie dagoeneko. Haiek erabaki beharko dute proposamenaren inguruan datozen asteetan Vitoria-Gasteizko lau uri erakundeetan gauzatuko den prozesuan.

IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!